Elvis Perkins "in dearland"

Guaixe 2009ko uztailaren 10a

"Psicosis" filmarekin ezaguna egin zen Anthony Perkinsen eta Berry Berenson argazkilari ezagunaren semea da Elvis Perkins. Horrek ate dezente zabaldu dizkio taldeari.Lehendabiziko diskoa "Ash Wednesday" 2007. urtean kaleratu zuen, kritika oso onak jasota. Disko honek badauka bere inguruan istorio berezi bat, Elvis Perkinsen ama 2001eko irailaren hamaikan hil zen, bera zihoan hegazkinak  World Trade Centerreko dorre baten kontra jo zuelako. Disko honen lehendabiziko abestiak ama hil aurretik sortutakoak dira eta hurrengoak amaren heriotza ezagutu ondoren, nabarmena da, beraz, hasierako abestiak baikorrak eta alaiak direla eta azkenak tristeak. Disko tragiko bat da, abeslaria biluztu egiten da abestearekin batera.Aurten bigarren diskoa kaleratu du "In Dearland" eta gainetik kendu du medioak jarri zioten  promesaren etiketa. Orain ez du balio ezagunen semea izateak, norberaren balioa  erakusteko momentua heldu zaio eta oso nota altuarekin pasatu du froga.Nire ustez oraingoan ez gaude bakarlari batek grabatutako lan baten aurrean, talde fin batek sortutako lan baten aurrean baizik.Diskoa alaiagoa da, Gospel, Blues, Jamaikako musika eta New Orleanseko kalejirak aurkitu ditzakegu oraingo lan honetan. Indar eta emozioa transmititzen duen disko bat da. Hamar abestiz osatuta, beti kalitatea eta aberastasun musikala mantenduz.Trobadore handi baten aurrean gaude, ezer berririk egiten ez duen bakarlari bat, baina sentiberatasun eta gustu handia daukana; folk eta pop estiloko musika sortzen du. Bere musikan oso nabaria da Bob Dylanek, Van Morrisonek edo Nick Drakek duten eragina. Egia da aipatutako hirurak musika munduan munstro batzuk direla, baina Elvis Perkins handien artean egon daiteke hemendik urte batzuetara. Asko esatea da, baina orain arte egindako bi diskoek hala esaten dute...Elvis Perkins Dylan hoberenera hurbiltzen da.Ernesto Leitza