ESAITen Mendi Martxa Sakanatik pasako da

Guaixe 2009ko uztailaren 7a

Abuztuaren 1ean Iruñean hasi eta abuztuaren 8an Bilbon despedituko da ESAITek Euskal Herriko selekzioaren alde antolatutako IX. Mendi Martxa. Urtero ibilbide ezberdina prestatzen dute, eta herri guztietan oso ongi hartzen dituztela diote antolatzaileek. Mendi ibilbideaz gain  herriz herri ekintza ugari prestatzen dituzte, Euskal Herriko selekzioak duen egoera erakutsiz, eta aldarrikapenak egiteaz gain jai giroa izaten da nagusi. Bada, aurten Mendi Martxa Sakanatik pasako da. Abuztuaren 1eko lehen etapan Iruñea eta Asiain lotuko dituzte, eta bigarren etapa Asiainetik abiatu eta gero Arbizun despedituko da. Hirugarren etapa Arbizun hasi eta Zegaman bukatuko da. Arrasate, Elorrio, Dima, Larrabetzu eta Bilbo izango dira hurrengo helmugak. Mendi Martxan parte hartzeko izena ematea zabalik dago. Horretarako www.esait.org web gunera edo Gabriel Falero (615 004 202) edo Asier Ibaibarriaga (617 168 968) ESAITeko kideei hots egin behar zaie. Egunean 25-30 kilometro inguruko etapak dira "edozeinek egiteko modukoa, aurretik ariketa fisiko minimo bat eginda". Kuotak ezberdinak izango dira parte-hartzearen arabera. Zortzi eguneko bonuak 180 euro balio ditu eta bertan autobusa, gosaria, bazkaria, afaria eta atseden tokia sartzen dira. Baina badago  eguneko bonuak edota etapa erdirako  bonuak eskuratzeko aukera ere.