Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sandra Villaseca, Cristina Aldeano, Maialen Unanua, Irantzu Imaz, Kevin Marques eta Joseba Fernandez aritu dira laneanAsteburuan Espainiako Zirkuitu Txapelketak jokatu ziren Gasteizen. Sei sakandar aritu ziren: Sandra Villaseca (Altsasu), Cristina Aldeano (Altsasu), Maialen Unanua (Aitziber), Irantzu Imaz (Sutegi), Kevin Marques (San Juan) eta Joseba Fernandez (Cobra el Prat). Asturias, Valentzia, Zaragoza, Madrid, Gijon, Gaztela Leon, Katalunia eta Euskal Herriko irristalariak aritu ziren lanean, besteak beste, eta nahiz eta sariak oso banatuta egon asturiarrek nagusitasun handia erakutsi zuten. Sandra Villaseca gazte mailan aritu zen, eta Cristina Aldeano, Maialen Unanua eta Irantzu Imaz haurren mailan. Juli Acebes entrenatzaileak aipatu zigunez oso maila handia izan zen txapelketetan, eta bere lau ikasleak egindako lanarekin oso kontentu dago olaztiarra. "Oso lan txukuna eta polita egin dute, satisfazio handia ematen duena. Tropeletan ongi kokatzen eta ongi ateratzen jakin izan dute... oso kontentu nago eurekin. Baina abiadura puntua falta zaigu, pistetan entrenatzen lortzen dena. Sakanan 200 irristalari inguru gaude eta ez dago pistarik, eta frontoietan entrenatzen ezin da guztia behar bezala entrenatu" dio Juli Acebesek. Orain atsedenaldia hartuko dute. Altsasu, Olazti eta Urdiaingo irristaketa eskolak oporretan daude urriraino baina federatuta daudenak irailean itzuliko dira lanera. Interterritorial Txapelketako Iruñeko eta Zaragozako lasterketak jokatuko dira eta Txikien Ligako lasterketaren bat eta sari ematea izanen dira irailean. Baina bitartean udaz disfrutatzea tokatzen da. Zilarra Joseba FernandezendakoSan Juan taldean dabilen Kevin Marques altsasuarrak gazteen mailan parte hartu zuen, lan polita eginez, eta Kataluniako Cobra el Prat taldeko Joseba Fernandez senior iturmendiarrak podiuma zapatu zuen. Talde bereko Victor Martinez eta Ronan Sanchezekin batera 5.000 metroko taldekako erreleboetan hartu zuen parte, eta bigarrenak izan ziren (7:35.253), Amaya taldeko txapeldunetatik ehuneneko bakarrera (7:35:252). Zilarrezko domina jaso zuen, bada, iturmendiarrak.