Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Milaka zale bilduko dira gure txirrindulariak animatzera. Eskalatzaileen eta faboritoen eta oilarren garaia heldu daFrantziako Tourra ikuskizun handia da, baina akaso mendiko etapetan handitu egiten da espektakulua. Mendian zaleek gehiago bizi dute txirrindularitza, mendian gora gertu-gertu baitaude txirrindulariak; txirrindulariendako etapa garrantzitsuak izaten dira, erasoak jotzeko aproposak eta sailkapen orokorrean alde handia ateratzeko aukera. Bada, lehendabiziko mendi etapak datoz Tourrean. Aurten Pirinioak izango dituzte lehenago Alpeak baino. Atzo Gironan hasi eta Bartzelonan despeditu zen etapa, 181 kilometrokoa, etapa nahiko laua, hirugarren eta laugarren mailako portu txiki batzuk izan ezik. Guaixe ixterakoan ez genuen sailkapenaren berririk, baina asteazkenean Saxo Bankeko Fabian Cancellarak jarraitzen zuen lider (15:07:49) eta bigarrena Astanako Armstrong zen, denbora berean. Euskalteleko Gorka Verdugo zen lehen sakandarra, 3:25era; Ag2rko Jose Luis Arrieta 72.a, 3:52ra; eta Euskalteleko Egoi Martinez 77.a, 4:09ra. Lehendabiziko eguneko erlojupekoaz eta astearteko taldekako erlojupekoaz aparte, esprinterrendako etapak izan dira orain artekoak. Hiru etapa menditsuEta hemendik aurrera heltzen da gogorrena. Gaurko etapa Bartzelonan hasi eta Andorran despedituko da, kategoria berezia duen Arcalis gainean. Txirrindulariek hirugarren mailako Montserrat gaina eta Solsona Portua pasa beharko dituzte hasieran, etapa erdialdean lehen mailako Col de Serra-Seca eta hirugarren mailako Port del Comte igotzeko. Eta segidan hasiko dira kategoria berezia duen Arcalis (2.200 metro) igotzen. Bertan despedituko da etapa eta hasiko dira lehen mugimenduak. Larunbatean Andorran hasi eta Saint Gironsen bukatuko da etapa, 176,5 kilometroko proba. Pirinioetako bigarren egunean eskalatzaileek nabarmentzeko aukera izango dute, hiru portu igo beharko baitira: lehen mailako Port d´Enva lira (2.408 m), bigarren mailako Col de Port (1.250 m) eta lehen mailako Col d´Agnés (1.570), helmugatik 27 kilometrora. Ziurrenik sorpresaren bat edo beste sortuko da. Eta igandekoa Pirinioetako etapa tipikoena da. Saint Gaudensen hasi eta 160 kilometro pasata Tarbesera iritsiko dira txirrindulariak, bi portu ikaragarri igoz: lehen mailako col d´Aspin (1490 m.) eta maila bereziko Col du Tourmalet (2.115 m) portu mitikoa. Hemen ere erasoak ez dira faltako, kontuan hartuta astelehena atseden eguna dela eta errekuperatzeko astia izango dela. Etapak irabazteko lehia biziaZiur aski lehian diren txirrindulari sakandarrek etaparen bat irabazteko saiakerak eginen dituzte. Polita litzateke zale eta jarraitzaileen aurrean besoak altxatu ahal izatea, baina oso zaila izango da, txirrindulari guztiendako sari ederra baita Tourrean irabaztea. Bestalde, ikusmira izugarria dago Astanako Lance Armstrong txirrindularia mendian nola ariko den ikusteko. Astanaren barruan lidergoa eskuratzeko borroka handia dute Contadorrek eta Armstrongek, eta ikusi behar nola ibiltzen diren. Eta ur nahasi horietatik ere etekina atera nahiko dute gainontzeko faboritoek. Ea bada zer uzten duten Pirinioek. Zaletu sakandar askok hartuko dute Pirinioetako bidea, txirrindulariak txalotzeko. Antolakuntzak zehaztutako tokietan aparkatzea eta seinaleztapenak errespetatzea gomendatzen da, baina hala ere egongo diren auto ilarak izugarrizkoak izanen dira. Baina giroak merezi du. Guztiek disfruta dezatela. Ildo honetan, ESAITek euskal jaia antolatu du bihar, 19:00etatik hasita, Tourmaleten dagoen ESAITeko gunean. Eta igandean, IX. Bizikleta Martxa antolatu dute, Santa Marie de Campanetik goizeko 9:00etan irten eta Tourmaletera 11:00etan iritsiko dena. La Mongietik hastea da ere beste aukera bat. Amaieran hamaiketakoa izango da ESAIT gunean. Helburua ofizialtasuna izateko eskubidea nazioarte mailan aldarrikatzea da. Afizionatuak Murgian eta AntzuolanTxirrindulari afizionatuek bi lasterketa dituzte asteburuan. Larunbatean 23 urtez azpiko eta elite mailakoendako XV. Nuestra Señora de Oro Saria jokatuko da Murgian. Eta igandean 19 eta 20 urteko trrindulariek LXIV. Antzuola Saria dute jokoan.