Aralarko San Migel sakandar eta goierritarren bilgune

Guaixe 2009ko uztailaren 10a

Sakana eta Goierri arteko muga markatzen du Aralarrek, Nafarroa eta Gipuzkoa artekoa, isurialde atlantiko eta mediterraneoa. Baina, muga guztien gainetik, mendiaren alde bateko eta besteko herritarren bilgune izan da historikoki. Harreman hori gogora ekarriz eta aurrera begira estutzeko helburuarekin, bi eskualdeen arteko senidetze festa antolatu dute alde bietako 33 udalek. Aralarko San Migel santutegiak hartuko du festa garilaren 12an, igandean. Goierriko 18 udalen eta Sakanako 15 udalen arteko senidetzearen lekuko izanen da nafar eta gipuzkoarrendako leku berezi hau.Joan zen astean aurkeztu zuten senidetze eguna Goierri eta Sakanako hainbat udal ordezkarik. "Aralar mendiaren bi aldeetako ibarren arteko erlazioa estutzea da festaren helburua" adierazi zuen Sakanako Mankomunitateko lehendakari Migel Angel Zubiriak. Indarrak batu, eta ekonomia, hezkuntza, turismoa eta hainbat arlotan akordiotara iristea izango litzateke helburu nagusia.  Festari dagokionez, Zubiriak adierazi zuen: "senidetze festan ekitalditxoren bat izanen da eta jan-edana ez da faltako". Eta horrela izanen da: Suziriak iragarriko du festaren hasiera, goizeko 11:00etan. Bertsolarien txanda etorriko da jarraian. 11:30ean, sabela bete eta eztarria bustitzeko aukera egonen da hamaiketakoarekin. 12:00etan izanen da eguneko ekitaldi nagusia. Bertan, mugaren bi aldeetako udaletako alkateek eskualdeen arteko elkarlanaren konpromisoa hartuko dute. Hitzarmena sinatu eta gero, mezan bilduko dira udal ordezkariak, 12:30ean. Festa biribiltzeko, dantzaldi ederra izanen da 13:30ean bi eskualdeetako dantzariekin. Urteroko hitzordu bihurtzeko asmoarekin sortu da Goierri eta Sakanaren senidetze festa. Gainera, "olio orbana balitz bezala, mugarik gabe zabaltzea" nahi dute ekimena; "Goierriko udalerri guztietara, Tolosaldera, nahiz Larraun aldera zabaldu nahi genuke eta, batez ere, herritar guztiei ireki, beraiek baitira egitasmoaren funtsa". "Mugarik gabeko festa" iragarri dute.