Ilbeltza erdialdean Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten 12 euskal herritar. Haietatik zortzi absolbitu egin dituzte, tartean Mikeldi Diaz Aldama altsasuarra. Beste lauri, ordea, epaitegiak 6 urteko espetxe zigorra ezarri die epaitegiak. Azken horien artean Arbizun familia duen Anitz Eskisabel Barandiaran dago. Ibon Fernandez Iradiri bere garaian atzemandako dokumentuetan oinarrituta hainbat polizia egin ziren. Mikeldi eta Anitz 2005eko otsailaren 9an atxilotu zituzten beste dozena bat pertsonarekin batera. Atxiloketa haiek guztiak Baltasar Garzon epaileak agindutako sarekada "prebentiboen" barruan kokatu ziren. Atxilotutako guztiei ETAri laguntza ematea egotzi zieten. Mikeldik eta Anitzek, gainontzeko atxilotuen modura, leporatzen zitzaiena ukatu zuten epailearen aurrean. Gainera, presioak eta jipoiak salatu zituzten. Fiskalak Mikeldirendako 6 urteko espetxe zigorra eskatu zuen eta Anitzendako 9. Epaian jaso denez, absolbituak zigortzeko frogarik ez dago. Mikeldiren kasuan, gainera, polizien aurrean egindako autoinkulpazioa asmatu egin duela sinetsi du epaimahaiak. Bestalde, epaileen ustez, Anitz eta gainontzeko 3 zigortuek ETArekin kolaboratu dute. Baina fiskaltzak proposatu zuen erakunde armatuko kide izatearen akusazioa baztertu egin du. Mikeldi eta Anitzek atxilotu zituztenetik 2007ko ilbeltzaren 24 arte preso egon ziren. 12.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuten espetxetik ateratzeko. Bestalde, ostiralero euskal presoen euskal herriratzea eskatzeko kontzentrazioak egin ziren ostiralean Arbizun eta Etxarri Aranatzen, Aurrenenkoan 32 pertsona bildu ziren eta bestean 53. Domeka guztietan bezala, Altsasun ere bilkura egin zen.