Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aralarko San Migel santutegia goierritar eta sakandarren bilgune izan zen igandean. Santutegiko zelaian, haritzen itzalean babestuta, Sakana eta Goierriko udalen ordezkaritza zabalak bi eskualdeen arteko harremanak estutzeko konpromisoa hartu zuen. Antolatzaileek alfabetora jo zuten festari hasiera emateko: bailara bakoitzeko lehen bi herriek bota zuten festaren hasiera iragartzen zuen suziria, Altsasuko eta Altzagako ordezkariek. Ekitaldi nagusian bi eskualdeen arteko harreman historikoak nabarmendu zituen Etxarri Aranazko alkate Maider Goñik. "Bada garaia herritarren arteko harreman hori instituzionalizatzeko" esan zuen. "Gure artean ez da banantzen gaituen mugarik izan behar. Amankomunean ditugun gauzak desberdintzen gaituztenak baina askoz ugariagoak dira. Aipatutako guztiagatik, etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiteko konpromisoa hartzen dugu. Akordioak bilatu nahi ditugu alor desberdinetan: euskara, kultura, turismoa, garapen ekonomikoa... elkarrekin garatuz. Bakoitzak gure herrietan senidetze hau bultzatzeko konpromisoa hartzen du" irakurri zuen Etxarri Aranazko alkateak. Harekin bat eginda, banan-banan, konpromisoa sinatu zuten bertan bildu ziren udal agintariek. Urtero-urtero konpromisoa berritzeko asmoa adierazi zuten antolatzaileek. Sinadura ekitaldiak festari egin zion lekua. Udal ordezkariak eskualde batetik eta bestetik joandako herritarrekin bildu ziren auzatean. Bertsolariak, Etxarri Aranazko abesbatza eta Beasaingo dantza taldea arduratu ziren ospakizuna alaitzeaz. Batzuek eta besteek, meza garaian txiki utzi zuten San Migelgo baseliza. Irteeran, eskutik helduta, Aralarren bi aldetako ospakizunetan leku berezia duen zortziko edo soka-dantza dantzatu zuten alkateek. Bazkari ederrarekin agurtu zuten Mugabe eguna udal ordezkariek, datorren urtera arte.