Sakana festarik festa

Guaixe 2009ko uztailaren 15a

Festetako kartelak hautatu dituzte Arbizun, Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Olaztin. Lakuntzan herritarrek hautatuko dute irabazlea asteburuan. Altsasuko lehiaketara aurkezteko epea datorren astean amaituko da.Udarekin batera, jai giroa nagusitzen da Sakanan. Sanjuanekin hasi eta sanmigeletaraino, suziriak, jan-edana, musika eta dantza nagusitzen dira herritako kaleetan. Aurretik, zeregin garrantzitsua dute festetako kartelek: egun preziatuak iritsi aurretik jai giroan murgiltzen dituzte herritarrak. Sakanako zenbait udalek kartel horiek hautatzeko lehiaketak antolatu dituzte. Arbizun, Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Olaztin badute dagoeneko sariduna. Lakuntzan eta Altsasun, berriz, irekita dago kartelak aurkezteko epea.Kartelak prestArbizuarrak datorren urteko festei begira ditugu dagoeneko. Hala ere, askok hizpide izanen dituzte aurtengo festetako kontu eta anekdotak. Oroimenerako baliabide ederra izaten dira festetako kartelak ere. Aurtengoan, Juan Karlos Reparazek irabazi du sanjuanetako kartel lehiaketa.Irurtzunen, gaur botako dute festei hasiera emanen dien suziria. Herriko plazan dantzan dagoen neska koloretsuak iragarriko ditu 2009ko jaiak. Aurreko 3 urteetan bezala, Arreko Iñaki Fernandez Iturmendi da kartelaren egilea. 8 parte-hartzaileren artean nagusituta, 400 euroko saria irabazi du. "Kartelak egiten aditua da" azaldu digu Irurtzungo kultur teknikari Patxi Mikeok, "nik dakidala, aurten Nafarroako 13 bat lehiaketatan nagusitu da". 14 urtetik beherakoen artean 4 izan ziren parte-hartzaileak, guztiak ere Irurtzungoak. Kultura Kontseiluko eta Festetako Batzordeko kideek osatutako epaimahaiak Noelia Juliá Yepesi eman dio 150 euroko saria. Datorren astean hasiko dira festak Olatzagutian. Jai eta Gazte Batzordeetako kideek osatutako epaimahaiak hautatu ditu dagoeneko kartelik onenak. 11 urtetik beherakoen kategorian, Ander Gil izan da irabazlea, eta 50 euro jasoko ditu egindako lanagatik. 12tik 14 urterako kategorian,  Markel Galbete gailendu da. 100 euro jaso ditu gazteak. Helduen kategorian, Marta Otxoarrarte izan da irabazlea. 150 euroko saria jasoko du olaztiarrak eta bere kartelak iragarriko ditu herriko festak. Denera, 6 lagunek parte hartu dute lehiaketan. Denek izanen dute lekua festetako egitaratuan.Abuztuko lehen asteburuan festa lehertuko da Etxarri Aranatzen. Horien iragarle, aurki banatuko dute festetako egitaraua. Helduen mailan nagusitu den Jon Garziandia Madrigalen kartela agertuko da azalean. 4 parte-hartzaileren artean nagusituta, 300 euroko saria jasoko du etxarriarrak. 16 urtetik beherakoen artean inor aurkeztu ez zela ikusita, helduen kategorian bigarren sari bat ematea erabaki zuten epaimahaia osatzen zuten Kultura Batzordeko buru Maider Goñik, Ana Pellicerrek eta Sagri Mauleonek. Iñaki Erdoziari eman zioten 100 euroko sari berezia.Lakuntzan erabakia herritarren eskuLakuntzan gaur amaitzen da kartelak aurkezteko epea. Hiru kategoria bereizi ditu udalak: 10 urte artekoa, 10-16 urtekoena eta 16 urtetik gorakoena. Hurrenez hurren, hauek dira jasoko dituzten sariak: pintura maletina, kirol materialean gastatzeko 70 euroko bonoa eta 250 euroko saria.Aurreko urteetako ibilbidea ikusita, parte-hartze handia espero du udalak. "Lan asko jasotzen ditugu, haurren mailan, batez ere. Dagoeneko asko aurkeztu dira" iragarri digu kultur zinegotzi Oihane Uribe-Etxeberriak.Bihar hasi eta hilaren 22ra arte, asteazkenera arte, 19:00etatik 21:00etara, jendaurrean jarriko dira kartelak zineko sarreran. Haien bozen bidez, lakuntzarrek erabakiko dituzte kartel saridunak. 5 urtetik gorakoek eman dezakete bozka. "Haien iritzia ematera animatzen ditugu herritarrak" esan digu Oihanek. Ostegunean eginen da zenbaketa, 20:00etan, Festa Batzordean.Altsasun epea amaitzearDatorren astean, garilaren 24an, 14:00etan amaitzen da Altsasuko kartel lehiaketan, helduen kategorian aurkezteko epea. 600 euroko sari potoloa jasoko du irabazleak. Lehiaketara aurkezten diren proposamenak orijinalak izanen dira. Testu hau izenen dute kartelek: "Altsasuko festak 2009 - Fiestas de Alsasua 2009". Egileek aukeran izanen dute A3 tamaina (42 cm x 29,7 cm) edo 70 cm x 50 cm-ko neurria. Obrak egiteko era librea izanen da. Iortia kultur gunean aurkeztu behar dira proposamenak. Argibide gehiago nahi duenak Altsasuko Kultura Zerbitzura jo dezake, 948 56 42 72 telefonora edo kultura@altsasu.net helbidera.Helduen kategorian epea zabalik badago ere, ikasleen kategorian ekainaren 19an agortu zen epea. Altsasuko ikastetxeetako Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH-ko 1. eta 2. mailako haur eta gazteak aurkez zitezkeen maila honetan. Altsasuko kultur teknikari Betisa Andak jakinarazi digunez, 32 lan jaso dituzte. "Altsasuko 3 ikastetxeetatik eta arte eskoletatik jaso ditugu lanak" azaldu digu teknikariak. Kategoria honetako irabazleak marrazketako materiala eta 60 euro jasoko ditu. Helduen mailakoarekin batera ezagutuko dugu epaia.