Argazki Rallyaren fruituak erakusketan

Guaixe 2009ko uztailaren 16a

Garilaren 5ean, Urdiaindarrak sanpedroak ospatzen ari zirela, Mendiko Argazki Digitalen 2. Rallya hartu zuen herriak. Urdiaingo Udalak eta Altsasuko Mendigoizaleak elkarteak antolatu zuten argazki rallyaren 2. edizioa. "Udalak herriko argazki artxiboa bildu nahi zuen. Horrelakoetan esperientzia dugunez, Altsasuko Mendigoizaleengana jo zuten laguntza eske" azaldu digu Aitziber Etxaizek. 20 bat lagun bildu zituen rallyak. Sakandarrak ziren batzuk, Altsasu edo Urdiaingoak, gehien bat, baina baziren gipuzkoar eta bizkaitarrak ere, Zarautz edo Ondarroakoak esaterako. Argazkilariek Urdiainen eman zioten hasiera egunari. Herrian argazkiak atera eta Saraberako bidea hartu zuten ondoren. Eguna amaitzeko, San Pedro inguruko paraje ederrak hartu zituzten kamerarekin. Bertan zituzten zain Altsasuko Mendigoizaleak taldeko kideak. Ateratako argazkien artetik, 50 gehienez ere, 6 aukeratu eta aurkeztu zituzten, gai bakoitzeko bina. Herritarrak gosaltzen ari zirela, argazkilariendako zerk janik ere izan zen. Gainera, mendi taldearen kamiseta bat jaso zuten. Urdiaingo parajeen edertasunak liluratuta utzi zituen parte-hartzaileak. Esker ona adierazi zuten guztiek. Erakusketa Urdiaingo udaletxeanParte-hartzaileen maila nabarmendu du Aitziber Etxaizek. Nahi duenak hori egiaztatzeko aukera izanen du asteburuan. Izan ere, ostiraletik domekara, ikusgai izanen dira argazkiak, Urdiaingo udaletxean, beheko solairuan. Bertan emanen du ezagutzera epaimahaiak saridunen zerrenda.