Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Ipar Eskiko Sailak Urbasa-Andian ipar eskia sustatzeko proposamena luzatu die mendi eta txango klubei eta baita ipar eski zaletasuna duten guztiei. Aipatu taldearen iritziz, Urbasa eta Andiako orografia oso egokia da eskiatzeko, eta horregatik, proiektua bideragarria ote den aztertzeko ekimena jarri nahi dute abian. Ipar eskian aritu ahal izateko inbertsio txikia eta gutxieneko mantenua eskatzen duen zerbait planteatu nahi dute, eta jakina, jarduera horrek kalterik ez eragitea ezinbestekoa izanen da. Musherrek egiten duten antzera, elur motorrarekin hainbat pasaldi emanda, bidea eskiatzeko prestatzea da buruan dutena. Irabazi asmorik gabeko jarduera litzateke, jende guztiari irekia eta dohainik. Eta guztia bideratzeko Urbasa-Andian ipar eskia praktikatzeko helburua izango duen taldea sortu nahi dute. Bileran hitz egingo denazBaina guztia dago aztergai. Horretarako gaur, uztailak 17, Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Ipar Eskiko Sailak bilera deitu du aipatu mendizaleen egoitzan, Altsasuko Erkuden kalean, 20:30ean. Gaian interesa duten klubak eta partikularrak gonbidatuak daude, eta dagoeneko euren interesa agertu dute talde eta partikular batzuk. Aipatu bileran eskia bulkatzeko egin beharko litzatekeen inbertsioen aurreikuspena aztertuko da: ibilbidea garbitzeko motozerra, palak eta beste lituzkeen ibilgailua, mendi motorra, elurra zapatzeko tresna, GPSa, motorra eramateko erremolkea, langileen soldata, seinaleztapena, bide konponketa, mantenu kostuen prebisioa... Horretaz gain Urbasa Andiako zein ibilbide edo zirkuitu prestatuko litzatekeen aztertuko da, hainbat proposamen baitaude - Otxapotillo-Bardoitza; Gazbide-Tximista-Baiza-Tunela bidea, Lizarraga-Urbasa; Bioitza kanpingaren atzea-Lezamen saroia-Limitazioen errepidea; eta abar - . Eta jakina, proiektua bideragarria den aztertu eta beharrezkoak litzatekeen baimen eta finantziazio bideez ariko dira. Altsasuko Mendigoizaleek jasotako proposamenen artean, musherrek interesa azaldu dute proiektuan eta ekimena aurrera atereaz gero, ikastaroak eta irteerak antolatzea proposatzen duenik ere bada. Guztia dago aztergai proiektua bideragarria ote den ala ez erabakitzeko.