Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal zaleek sekulako erakustaldia eman zuten Pirinioetan, milaka lagun gerturatu baitziren - marea laranja edo mila koloretakoa - euskal txirrindulariak animatzera. Baina lasterketari begira ezer gutxi erabaki zuten Pirinioek. Alde batetik portuak helmugatik urrun zeuden, eta ildo horretan antolakuntzak kritika ugari jaso ditu, esaterako Tourmalet igoera mitikoa helmugatik 70 kilometrora zegoelako. Eta bestalde, Astana taldearen indarra eta nagusitasuna ukaezina da: sailkapen orokorreko lehen sei postuetatik lau Astanakoak dira, eta arerioek asko pentsatu behar dute eraso bat jo eta gero. Hortaz, argi dago Alpeetan jokatuko diren etapek, azkenaurreko etapan Mont Ventoux izugarria igotzea kasu, erabakiko dutela aurtengo Tourra. Astanaren barruan Armstrongek eta Contadorrek duten lehia da interes gehien pizten duena. Pirinioetan madrildarrak sailkapen orokorrean iparamerikarra gainditzea lortu zuen, baina ikusi behar Alpeek zer dakarten. Puntu gorridun maillotari eutsiBaina Pirinioek merezitako opari ederra ekarri zioten Euskalteleko Egoi Martinezi: mendiko maillota. Maillota eskuratu ahal izateko lan izugarria egin zuen Egoi Martinezek, bere taldekide guztiek, Gorka Verdugo etxarriarra tartean, lagunduta. Erasoaldi eta ihesaldietan oso aktiboa egon zen Egoi, esfortzu ikaragarria eginez, eta portuetatik hasierako postuetan pasatu zen. Saria: puntu gorridun maillota. Pozik eta emozionatuta dago etxarriarra, eta talde osoari eskertu dio mendiko maillota lortu izana. "Mendiko maillota lortzea asko kosta zaigu, ihesaldietan eta erasoetan aurrean egotea, eta lehen mailako taldea garela erakusten du honek. Helburua maillota ahalik eta gehien mantentzea da, Pariseraino ahal bada. Momentuz Egoik 79 puntu dauzka, Cofidiseko Christophe Kernek 59 puntu eta Liquigaseko Franco Pellizottik 56. "Badakit maillota eustea oso zaila izango dela, baina saiatuko naiz. Alpeak erabakigarriak izango direnez, faboritoak mugi egingo dira. Hortaz, Pirinioetan erabilitako taktika bera erabiliko dut: ihesaldietan sartzen saiatuko naiz, puntuak pilatu ahal izateko eta adi-adi egonen naiz" dio etxarriarrak, geratzen diren etapetan jokoan dauden puntuen kalkulua egiten. Bestalde, Euskaltelen helburua etaparen bat irabaztea izaten jarraitzen du. Bestalde, lan izugarria egiten ari da ere Ag2rko Jose Luis Arrieta uhartearra, bere taldekide Rinaldo Nocentiniren lidergoa eusteko jo eta su lanean ari baita. Pirinioetan lidergoa mantentzea lortu zuten, eta helburua Alpeetaraino Nocentiniren maillot horia eustea da. Izugarria aurten bere hamargarren Tourrean egiten ari den lana. Astebururako datorrenaAste honetako etapak trantsiziokoak izan dira, Alpeak baino lehen. Gaurko etapak - Vittel-Colmar (200 km) - lau portu ditu azkeneko 100 kilometroetan, eta ihesaldietarako aproposa da. Txirrindulariek hasiera batean ezin zuten entzungailurik eraman, baina astearteko etapan erabaki horren kontra boikota egin zutenez, Tourrak UCIri neurri hori alboratzeko eskatu dio. Bihar, larunbatean Comar eta Besançon artean (199 km) ibili beharko dira, Alpeak heldu baino lehenagoko azken etapa laua, eta igandean Alpeak iritsiko dira, Pontarlierren hasi eta Verbier gainean despedituko den etapan (207 km). Astelehenean atseden hartu eta gero atzera ere Alpeek jarraituko dute. Atzo Tonnerren hasi eta Vittelen despeditu zen etapa (211 km), ihesaldietarako eta esprinterrendako aproposa, baina emaitzen faltan, asteazkenean Cavendishek Tourreko bere laugarren etapa irabazi zuen esprintean, eta sailkapen orokorrean Ag2rko Rinaldo Nocentinik jarraitzen zuen lider. Egoi Martinez 47.a zen, 15:30era; Jose Luis Arrieta 71.a, 32:25era; eta Gorka Verdugo 77.a, 35:22ra. Egoi urte bat gehiago EuskaltelekinKontentu dago Egoi Martinez, 2010era arte Euskaltelekin duen kontratua luzatu duelako.