Arte kritikari entzutetsu baten esana da Irazuren erakusketa hoberena beti dela azkenekoa. Hitz horietatik abiatuta ez da zaila Donostiako Koldo Mitxelenan duen erakusketa bikaina dela esatea.Bederatzi gelatxotan banatutako tokia eskulturaz eta teknika grafikotan garatutako lanez hartua dago. Andoainen jaiotako artistaren lanean ohizkoa den bezala tamainak jasangarriak dira: iragaezinak diren lan erraldoi gutxi egin du; bai ordea liluratzeko tramankulu plastiko txikirik. Zenbait lanetan koloroezko erretxinak erabili ditu (beti naurrian), eta egurrak diruditen gauzak brontzean edo aluminioan fundituak daude (prozesuaren trakeskeria guztiak agerian utzita); hauetako batzuk ere koloreztatuak, eta zaila da jakitea (ukitu arte) metalezkoak direla.Eskultore garaikide askorengan gertatzen den bezala espazioaz eta espazioa bizitzeaz mintzo da artista. Egia esateko erraza da kontzeptu hauetan estaltzea, hain delako irekia irakurketa. Kontua da Pello Irazuren lanean oso erraz eta goxoki ikusi eta ulertzen dela: ez du monumentuaren beharrik berea azaleratzeko, teknika merkeak erabili izan ditu piezen hasierako egituraketan (ikusi erdiko aretoko aluminiozko hiri plangintza edo land-art interbentzio bat izan litekena); bere lantokia (bere espazio) askotan ageri da lanetan eta honek artista eta bere lanaren harteko harreman estuaz testigantza fidagarria ematen digu. Izenburua artistak bere lanari eta inguruko gertakariekin duen sentiberatasunari dagokio. Sortutako edo aldez aurretik esistitzen ziren iruditan ikusten da hori. Merezitako errespetua zor zaiolako hitzekin baino hobe irudiekin azaltzea Koldo Mitxelenan gertatzen ari dena. Nahiz eta esperientzairik ederrena lanak zuzenean ikustea den. Nik neuk erakusketa hirugarren aldiz ikusteko tartea hartuko dut.Miren Ustarroz