Suteak saihesteko neurriak indarrean

Guaixe 2009ko uztailaren 22a

Udan basoko suteak saihesteko asmoz Begoña Sanberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak Foru Argindua eman du. Haren bidez, landa-lurzoruetan suaren, motordun ibilgailuen eta nekazaritzako makineriaren erabilera mugatu da. Aldi berean, prebentzio-neurriak ezarri ditu. Sakanari eta Foru Komunitatearen iparraldeari dagokionez, Nafarroako Gobernuak baimendu egin du motordun ibilgailuak baso-pistetatik ibiltzea. Beti ere, indarreko araudiaren arabera. Horrekin batera, bereziki prestatutako aisia-inguruetan sua egiteko aukera dago (piknik-guneak, barbakoa eta abar). Udaberriko euriek belar asko aterarazi dute eta berau erregai eraginkorra da. Gobernutik jakinarazi dutenez, "Nafarroa iparraldean klima atlantikoak duen eragina dela eta, inguru horretan egoera ez da arduratzeko modukoa". Horregatik, Gobernutik suaren erabilera arautzeko, banaketa geografikoa ezarri da eta Sakanatik hego-aldera neurriak zorrotzagoak dira.