Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Konsekuenzias (KSK) taldeak kalean du bere lehen maketa. Duela lau urte inguru sortu zuten KSK taldea Xabi Delin (gitarra), Aritz Bicius (gitarra) eta Agirre (bateria) altsasuarrek. Igor (baxua) batu zen ondoren. Azkenik, Xabi Dida etxarriarrak borobildu zuen taldea ahotsarekin. Altsasuko lokalean egiten dituzte entseguak. 16 urte dituzte gaur egun taldekideek, baina, gazteak izanagatik ere, badute esperientzia agertoki gainean. Aurten pauso garrantzitsua eman dute: lehen maketa grabatu dute. MaketaPunk taldea da KSK. "Eskorbuto eta RIP klasikoak edo gaur egungo Lendakaris muertos edo Segismundo gustatzen zaizkigu" azaldu digu Didak. "Baina ezin esan horien eragina dugunik. Estilo propioa daukagu; ateratzen zaiguna egiten dugu" dio. 9 abesti dituzte, salaketa abestiak gehienak ere. Urtearen hasieran grabatu zuten maketa Etxarri Aranazko lokalean. "Lur Larraza arduratu zen grabazioaz" esan digu Didak, "lan bikaina egin du" . Egiten dutena erakustea zen taldearen helburu nagusia, eta horretarako tresna bikaina da maketa. Ekainaren amaieratik salgai dago Etxarri Aranazko Leku Ona eta Altsasuko Gernika tabernetan. "Ez dugu helburu komertzialik, izandako gastuak ordaintzea baino ez dugu nahi" azaldu digu.KontzertuakMaketa da haien burua ezagutzera emateko modu bat, baina, zalantzarik gabe, zuzeneko kontzertuak dira horretarako onenak. Buru belarri, horretan murgilduta dabil orain taldea. "Sakanan jotzen dugu gehien bat, baina Araban, Iruñean edota Tuteran ere baditugu kontzertuak" esan digu Xabik. "Musika bai, baina indioarena egitea da gure berezitasuna" gaineratu du. Ikuskizuna ziurtatuta dago.