Beste bi garaipen Rural Kutxarendako

Guaixe 2009ko uztailaren 20a

Sakanako Rural Kutxarendako aurtengo denboraldia zoragarria ari da izaten. Garaipena garaipenaren atzetik datorkio Sakanako taldeari, eta dagoeneko 28 garaipen pilatu ditu, afizionatuetako talde onena izanez. Larunbatean 23 urtez azpiko Torneorako baliagarria zen lasterketa jokatu zen Sopelanan. Ihesaldi saiakerak errepikatu ziren, baina tropelak helmugarako bi kilometro falta zirenean harrapatu zituen guztiak. Azkenean, Rural Kutxako Pablo Torres galiziarrak gurutzatu zuen lehenik helmuga, Bidelango Unai Iparragirreren eta Naturgaseko Xabier Zabaloren aurretik. Eta atzo XXV. Euskadiko Criteriuma jokatu zen Elgetan. Lasterketa oso korapilotsua izan zen, makina bat eraso izan baitziren, eta hasieran inork ez zuen lasterketaren kontrola hartu, baina 60. kilometroan 10 txirrindularik ihes egin zuten. Lasterketa aurrera joan ahala taldea txikitzen joan zen, bost bat txirrindulari geratu arte, baina Elgetako igoeran tropelak ihes egindakoak irentsi zituen. Hortxe jo zuen erasoa Sakanako Rural Kutxako Fabricio Ferrari uruguaidarrak, lasterketa irabaziz (3:04:57), eta Cafes Baquçe taldeko Carlos Juezi bi segundoko aldea atereaz. Rural Kutxako Victor de la Parte bosgarrena izan zen, 26 segundora, eta Naturgaseko Xabier Zabalo olaztiarra seigarrena eta lehen nafarra, denbora berean. Lasterketa irabazteaz gain, Ferrarik Euskaldun Torneoan bere lehendabiziko postua sendotu egin du.