Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Lakuntzako Udalaren, Lagun Artea futbol taldearen eta Nafarroako Kirol Institutuaren laguntzarekin antolatutako futbol campusaren lehen txanda aurreko astean gauzatu zen. 10 eta 12 urte arteko hemezortzi gaztetxo aritu ziren futbolean Iturmendiko Imanol Arbizu monitorearekin. Aste honetan bigarren txandak hartu du lekukoa: ostiralera bitartean, 13 eta 15 urte arteko hamar gaztetxoren txanda heldu da. Goizeko 10:00etatik 13:00era futbolaren inguruko teoria eta praktika uztartuko dute gaztetxoek, bereziki jolasen bidez eta Imanol Arbizuren zuzendaritzapean. Eta saioaren bukaeran Lakuntzako igerilekuetan freskatzeko aukera izanen dute. Lakuntzako Zelai Berri zelaian gauzatzekoa zen campusa, baina aurreko astean ezinezkoa izan zen zelaian tratamendua egiten ari zirelako, eta Lakuntzako parkearen alboko futbol zelaian aritu ziren lanean. Aste honetan ia alfronbra berdea dirudien Zelai Berrin aritzeko aukera aparta izan dute.