Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Incondicionales.com web guneak antolatutako Zaleen Espainiako Futbol 7 Txapelketa jokatu da asteburuan Madrilgo San Sebastian de los Reyesen. Lehen mailan aritu diren 20 taldeen zaleekin taldeak osatu zituzten eta horrela sortu zen zaleen arteko txapelketa. Osasunako zaleen taldean Jose Ramon Ramirez eta Mikel Barandalla ziordiarrak, gorritxo amorratuak biak, aritu ziren. Haiekin batera, ondokoek osatu zuten Osasunako zaleen taldea: A Coruñako Charly Carralek, Madrilgo Tomas Calvok, Murtziako Juan Jose Manzanerak, Madrilgo Fernando Tolek, Atarrabiako Ioseba Makusok, Lizarrako Sorayak, Murtziako Franciscok, Jaengo Fernando Leyvak, Bartzelonako Xabier Grasek eta Iruñeko Montxok. Guztiak ere gorritxo sutsuak. Euren helburua Zaleen Espainiako Futbol 7 Txapelketan ahalik eta lan onena egitea zen, baina nahiz eta saiatu, ez zuten partida bat ere irabazterik lortu. Txapelketan lau taldez osatutako bost multzo zeuden, eta Osasunako zaleen multzoan Atletico Madrilgoak, Racingekoak eta Sportingekoak zeuden. Sportingen kontra 2-9 galdu zuten Osasunakoek, Racingoen kontra 9-0 eta Atletico Madrilen kontra 6-1. Hortaz, ez zuten fasea gainditzerik lortu, nahiz eta beste kanporaketa bat jokatzeko aukera izan zuten. Halere, gorritxoek ez zuten zortea alde izan eta Deporreko zaleen kontra 2-5 galdu zuten. Txapelketa Valentziako zaleen taldeak irabazi du, Almeriakoak 3-1 menpean hartu eta gero. Osasunakoak hogeigarrenak eta azkenak izan dira. Nolanahi ere, eta nahiz eta emaitzak alde ez izan, esperientziarekin kontentu daude gorritxoak. Informazio gehiagorako www.somosrojillos.com web gunera jo daiteke.