Igandean Aralarko San Migeli haurrak aurkeztuko zaizkio

Guaixe 2009ko uztailaren 17a

Laugarren urtez Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak San Migeli haurrak aurkezteko eguna antolatu du. Ekimen horren bidez kofradiak lortu nahi duena da haurrek San Migel eta hango ohiturak maitatzea, eta igandekoa bezalako zeremonietara eta bestelakoetara etortzea, kofradiarekin sortutako harremanari eutsiz. Aralarko San Migeli haurrak aurkeztea elizkizun berezi batean eginen da, igandean, 12:30ean hasita. Kofradiak haurrei parte hartzeko baldintza bakarra eskatzen die, bataiatuak egon daitezela. Bestela, adin guztietako haurrak onartuak izanen dira. Guztiek ere gurasoak lagunduta joan beharko dute. Zeremoniaren barruan aurkezpena eginen da, guztiak bedeinkatuak izanen dira, eta bukaeran, San Migel gurtuko da. Aralarko San Migeli aurkeztutako haurrek pergamino bat jasoko dute. Han jasoa geldituko da haurrak santutegiarekin eta bertako aingeruarekin duen lotura. Kofradiatik jakinarazi digutenez, atzora arte izena eman zutenek pergaminoa etzi bertan jasotzeko aukera izanen dutela. Aurretik izena eman ez dutenek ez dute arazorik izanen zeremonian parte hartzeko, baina pergaminoa jasotzera hurrengo igandean joan beharko dute santutegira.