Tourrean oraindik badago zer erabaki

Guaixe 2009ko uztailaren 24a

Podiumeko lehen postua badirudi ziurtatuta dagoela, baina hurrengoak atzoko erlojupekoak eta Mont Ventouxek erabakiko ditu. Txirrindulari sakandarrak sekulako talde lana egiten ari diraTourra Alpeek erabakiko zutela argi zegoen eta hala izango da. Alpeetako lehen etapan, igandean, Astanako Alberto Contadorrek sekulako erakustaldia eman zuen Verbierren, etapa irabaziz eta maillot horia jantziz. Bera Astanako liderra zela demostratu zuen, eta Lance Armstrong taldekideak ere espainiarra indartsuena zela onartu zuen. Baina nahiz eta Astanan gauzak baretu zirela uste, asteazkeneko etaparen ostean giroa atzera ere nahasi egin da, Contadorrek jotako erasoari Schleck anaiek erantzun, baina bere taldekide Andreas Klöden erantzun ezinik geratu baitzen. Podiuma egiteko aukera zuen Klodenek, baina hustuta geratu zenez, ezinean, Schleck anaiek eskuratu zituzten sailkapen orokorreko bigarren eta hirugarren postuak. Klöden eta Armstrong podiumetik kanpo geratu ziren. Hortaz, Tourra puri-purian dago. Atzoko 40 kilometroko erlojupeko lauak faboritoen arteko distantziak areagotuko zituen, baina Guaixe isterakoan ez genuen sailkapen berririk. Tourra bi egunek erabakiko dute: atzoko erlojupekoak eta larunbateko Alpeetako etapa ikusgarriak, helmuga kategoria bereziko Mont Ventoux izugarrian duenak. Hortaz, emoziorik ez da faltako. Gaur trantsiziozko etapa jokatuko da eta bihar Alpeetako azkena, Mont Ventouxen despedituko dena. Hor erabakiko da. Igandekoa Parisera heltzeko etapa lasaia da, ziurrenik esprintean erabakiko dena. Atzoko emaitzen faltan, asteazkenean Alberto Contador zen liderra (72:27:09), Andy Schleck bigarrena, 2:26ra, eta Frank Schleck hirugarrena, 3:25era. Egoi Martinez 39.a zen, 43:57ra; Gorka Verdugo 64.a, 1:18:18ra, eta Jose Luis Arrieta 68.a, 1:23:09ra. Martinez eta Verdugo bikainTxirrindulari sakandarrei dagokienez, primerako lana egin dute, maila bikaina emanez. Euskaltelekoak pozez txoratzen daude, astearteko Alpeetako etapa Mikel Astarlozak irabazi baitzuen. Garaipen horretan lan handia egin zuten Egoi Martinezek eta Gorka Verdugok, azken honek bereziki, eta sanpedrotarrak taldekideei ere eskaini zien Euskaltelek horrenbeste denboran jarraitzen zuen garaipena. Euskaltelekoak oso borrokalariak izan dira, etapa guztietan borrokan egon baitira, aurrean.Bestalde, Egoi Martinezek aurreko ostiralean galdu zuen mendiko maillota, puntudun gorriko maillota lau egun soinean eraman eta gero. Liquigaseko Franco Pellizottik eskuratu zuen maillota eta italiarra lan ikusgarria egiten ari da puntuak pilatzeko, ihesaldi gehienetan sartu baita. Egun 196 puntu ditu italiarrak eta Egoi Martinez bigarrena da, 110 punturekin. Hortaz, etxarriarrarendako ia ezinezkoa da mendiko maillota berreskuratzea. Arrietak Ag2r taldean jarraituko du Ag2r-ko Jose Luis Arrietari dagokionez, bere taldekide Rinaldo Nocentiniren lidergoa mantentzeko lan ikaragarria egin zuen aurreko aste guztian barna. Igandean galdu zuen lidergoa Nocentinik, Alpeetako lehen etapan, maillota Contadorren eskutan utziz. Uharte Arakilgoaren iritziz maillot horia defendatzeko lanengatik oso aste gogorra izan zen aurrekoa, baina aldi berean oso polita. Aipatzekoa da uhartearrak funtsezko papera izan zuen Nocentiniren lidergoa mantentzeko orduan. Ildo honetan, Jose Luis Arrietak Ag2r taldean jarraituko du beste urte batez, baina ez du hurrengo urteko Tourrean bere burua ikusten. Hala ere, sasoi betean dago Arrieta eta nork daki zer ekarriko duen 2010ak.