Sanferminetako biko onena Olatzagutian

Guaixe 2009ko uztailaren 24a

Kontentu egonen dira pilotazaleak, Olaztiko San Migel Pilota Txapelketaz gain, Asegarcek primerako pilota jaialdia antolatu baitu iganderako, hilak 26, Olatzagutiako pilotalekuan, Santa Ana festetan. Arratsaldeko seietan hasiko den jaialdian, lehenik eta behin Koka eta Beobideri eginen diete aurre Ismael Chafee zuhatzuarrak eta Urrizelkik. Chafee ekainaren erdialdean lesionatu zen Beotibarren, lau t´erdiko txapelketarako Asier Olaizolarekin egiten ari zen entrenamendu berezian atzeraka eginiko korrikaldi batean. Bost eta zazpi zentimetro arteko zuntz-haustura izan zuen zuhatzuarrak ezker hankako gihar bikian, eta osatzen aritu da orain arte. Hortaz, atzera ere kantxara itzuliko da Chafee, Olaztiko igandekoa bere itzulera partida izanen baita. Ea zer nolako itxura ematen duen. Eta partida nagusian Sanferminetako Binakako Torneoan jaun eta jabe izan diren Berasaluze VIII.ak eta Beginok osatuko dute bikoa. Aurkariak, ere sekulakoak: Aimar Olaizola eta Peñagarikano. Sanferminetako finalean Aimar Olaizola eta Zearra bidean utzi zituzten lehenengoek, baina igandean Olaizolak errebantxa lortzeko asmoa dauka Peñagarikanoren laguntzarekin. Zalantzarik gabe, goi mailako partida izanen da Olatzagutiakoa.