NaBai eta IU-rendako sozialistek "ez dute sekula itunean sinetsi"

Guaixe 2009ko uztailaren 23a

Astelehenean prentsaurrekoa eman zuten NaBai-ko eta IUN-NEB-ko zinegotziek. Azken bilkuran PSN-k udal aurrekontuen kontra boza eman ondoren sortu den egoeraren balorazioa egin zuten. Jakinarazi zutenez, bilkura haren aurretik sozialistei "abstentzioa emateko proposatu genien, hausturarik ez sortzeko, baina ez zeuden horren alde". Bost zinegotziek garbi utzi zuten sozialisten jarrera "udal gobernutik oposizio gisa jokatzea izan dela etengabe aitzakiak bilatuz paktuaren haustura eragiteko".NaBai-ko eta IUN-NEB-ko zinegotziek horren adibide gisa jarri dute iazko aurrekontuekin jazotakoa edo azokaren eta festen dataren aldaketarekin gertatutakoa. "Egoera bideratzea lortu genuen plenoen aurretik gobernu taldearen koordinazio bilerak proposatuz, baina arduragabe jokatu dute eta ez dira bileretara agertu". Agerraldian izan ziren zinegotziek PSN-ri leporatu zioten "elkarrekin lan egiteko eta gobernagarritasunean ardura izateko konpromiso gutxi izatea". Horren adibide gisa jarri zuten sozialisten ardurapean dauden esparruetan askotan esku sartu behar izan dutela egoera bideratzeko. Esaterako; "Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kudeaketa txarra; legegintzaldi hasieratik hirigintza zinegotziak ez die jarraipenik egin martxan jarritako lanei edota, langileriari dagokionez, prebentzio batzordea martxan jarri gabe dago eta lan hitzarmena azarotik ez da aurreratu". AurrekontuakBi taldeek gogora ekarri zuten aurrekontu zirriborroa martxorako mahai gainean zegoela, eta sozialistek maiatza erdialderaino ez zutela erantzunik eman. PSN-k proposatutako ia ekarpen gehienak jaso zituztela gogora ekarri zuten. Horren ondoren sozialistak zenbait  Ogasun Batzordeetara ez zirela joan nabarmendu zuten. Aurrekontua onartzeko bilkuraren bezperan sozialistak "negoziaziotik xantaiara pasa" zirela salatu zuten NaBai eta IUN-NEB-ko zinegotziek, "ikastolarako ekarpenaren igoera eta presoen senideen garraiorako laguntzak kentzeko eskatuz, bestela kontrako boza emanen zutela" esanez. Ikastolari emandako ekarpenetan, alkateak gogora ekarri zuen iaz hartutako hitzarmena bete zela, eta gaineratu du sozialistek ez zutela haren kontrako inolako emendakinik aurkeztu. Bestalde, azpimarratu zuten sozialistek proposatu zuten senidetzeen diru-sailerako hazkundea %66,67koa zela. Presoen senideen garraiorako laguntzei dagokienez, azaldu zuten "plenoan ordenantza bidez onartutako laguntzak ezin dira kendu. Ordenantzak, indarrean den bitartean, dirua izan behar du. Horregatik proposatu zitzaion PSN-ri bere esku dagoen Ongizate Batzordera gaia eramateko eta taldeen artean aztertzeko". Aldi berean gaineratu zuten, "espetxe legedia beteko balitz, ez litzatekeela halako ordenantzen beharrik izanen". Aurrera begiraNaBai-ko eta IUN-NEB-eko zinegotziek jakinarazi zutenez, "sortu den egoera kontuan hartuta, gainerako alderdiei aurrekontu aldaketa sail bat aurkeztuko diegu udalak eta herriak martxan jarrai dezan". Ogasun Batzordean alderdi guztiak daude ordezkatuak eta hara eramanen dituzte proposamenak. Udal gobernu taldeko bi taldeek lan hauek jo dituzte lehentasunezkotzat: haurtzaindegiko moduluen finantziazioa irailean prest egotea; Zelandiko kiroldegia urte bukaera arte zabalik egoteko plenoaren erabakia betetzea; langileria-gastuen eguneratzea; Lanen Taldea indartzeko 8 kontratazioa egitea;  agorrilean Udan Euskaraz programaren esperientzia pilotua egitea; udal buletina finantzatzea eta Nafarroako Gobernuarekin basoan egiteko hitzartutako lanak betetzea. Irailera arteMariano Garcia zinegotzi sozialistak astelehenean esan zigunez, "Altsasuko sozialistek ez dugu ez baloratu ezta landu ere zentsura moziorik, ez konfidantza moziorik, ez alkatearen dimisiorik ezta ez dakit zeren berritzerik ere" . Aurreratu zuenez "oporren ondoren izanen diren bileren zain geldituko gara. Posible da erabaki finkorik ez hartzea irailera arte, bi zuzendaritzak biltzen diren arte". Garbi utzi zuen Mariano Garciak "aurre baldintzarik" ez zutela onartuko: "gu ez gaitu ezerk baldintzatuko". Bitartean guztia "impasse" egoeran gelditzen dela aipatu zuen.