Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuko ordezkariek eta langileek hilaren 3an sinatu zuten lan gatazkari bukaera ematen dion akordioa. Mankomunitateko zuzendaritzak ekainaren 22an egindako bileran eman zion oniritzia akordioari. Bozketan berdinketa egon zen, NaBai-k eta IUN-NEB-k aldeko boza eman zuten eta kontra PSN-k eta EAE-ANV-k. Lehendakariaren kalitatezko bozarekin egin zuen aurrera akordioak. AkordioaAdostutakoaren arabera gizarte hezitzaileen soldatak, osagarrien bidez, B mailakoekin parekatuko dira. A eta B mailei dagokienez, %20ra arteko osagarria ematea erabaki da (%17 aurreikusia zuen PSNk). Hori 2011 urte akabera arte izanen da, edota Sakanako Mankomunitatearen baitan sartzeko edo ez sartzeko hausnarketa epea bukatu eta oposizio bidez lanpostuak definitzen diren arte. Akordioaren atzeraeragina urte hasiera da. Horretaz gain, Mankomunitateko batzarraren eta langileriaren arteko koordinatzaile-hizketakide postua sortuko da. Hark soldatan %15eko osagarria jasoko du lan horregatik. Bere egitekoen artean egon litezke: ikerketak eta txosten teknikoak sortzea; Mankomunitatea aholkatzea; zerbitzuaren planifikazioa eta antolakuntza egitea; jardueren jarraipena eta ebaluazioa guztia memoria batean bilduz; beste udal zerbitzu batzuekin koordinatzea, baita Nafarroako Gobernuarekin eta Burunda mendebaldeko erakunde publiko eta pribatuekin ere, edota Mankomunitateko bileretara joatea. Bestalde, langileak haien jardunean batetik bestera mugitzeko euren autoak erabiltzen dituzte. Zorionez ez da istripurik gertatu orain arte; baina halakorik izanez gero, Mankomunitateak kalteen ardura bere gain hartuko du aseguruak kalteak betetzen ez dituenean (beti ere, baldintza batzuk zehaztuta). Hala ere, Mankomunitateak ez du baztertzen halako gertaerak hartzen dituen asegurua kontratatzea. LangileriaLangileen ordezkariek esan digutenez aldarrikapen batzuk lortu dituzte eta beste batzuk ez. A eta B mailakoei dagokienez, hiru urtetan Nafarroako beste zerbitzuetako langileekin berdintzea eskatu zuten, baina ez dute lortu. Gaineratu dute Irurtzun eta Etxarri aldeko Mankomunitateetan osagarri hori %37koa dela. Nabarmendu nahi izan dute igoera %5ekoa izan dela. Bestalde, koordinatzailearen postua sortzea garrantzitsutzat jo dute. Akordioaren atzeraeragina 2008ra artekoa izatea nahi zutela esan dute, eta azkenean, aurtengoarekin soilik geratu behar izan dutela.Langileen ordezkariak "pozik" agertu dira lortutakoarekin, "mugitu gara eta lortu egin dugu. Bestela, urtetik urtera eskubideak galtzen ari ginen". Horrekin batera, protesta ekintzak "zerbitzuaren errealitatea agerian uzteko" balio izan duela nabarmendu dute. Azkenik, eskerrak eman diete elkartasuna adierazi dieten guztiei. Lanuzteengatik kaltetuak izan zirenekin ere gogoratu dira langileak.IritziakBurunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakari-orde Fernando Fuste izan da langileekin harremanetan egon dena lan gatazka iraun duen bitartean. Itxitako akordioaz dio, "pausu garrantzitsua" dela koordinatzaile postua sortzea, "lehen langileek galdera egiten zutenenean, hiru hilabete pasatzen ziren batzarra biltzeko, eta beste hiru erantzuna emateko. Koordinatzailearekin hori konpondu eginen da". Bestalde, Fustek esan du "harro" sentitzen dela langileekin izandako harremanarekin eta "haiek egiten duten lanarekin". Langileendako esker oneko hitzak izan ditu. Mª Jose Notariok arrazoi pertsonalak argudiatuta, kargua aldi baterako utzi ondoren berriro ardura hartu du. Berak azaldu digunez "aurretik taldeen arteko akordio bat ia adostua" zegoen, "%17ko igoera eta plazak oposiziora ateratzean zetzan". PSN ez dago lortu den akordioarekin ados: "ez zaigu logikoa iruditzen langile batzuei soldata %20 igotzea eta udaleko edo adinekoen egoitzako langileei ez igotzea. Diskriminazioa da". Sakanako Mankomunitatean ibarreko hiru zerbitzuak batzeko prozedura abiatu denez lanpostuen deialdirik ez dela atera gogora ekarri du. EAE-ANV-k akordioaren kontrako boza eman zuen. Raul Barrenak azaldu digunez, "guretako langileek hasieratik egin dituzten aldarrikapenak onargarriak ziren. Baina batzarrak ez zituen onartu eta gero beste proposamen bat ekarri zuen. Gu langileen aldarrikapenak onartzearen alde geunden". Bestalde, zinegotzi ekintzaileak esan digu erabilitako prozedura ez dutela gogoko.