Alain Berastegik zazpi orduz bahitu eta jipoitu dutela salatu du

Guaixe 2009ko uztailaren 27a

Gertaerak aurreko ostiralean gertatu ziren, Irunberri inguruan. Arbizuarrak esan duenez, han bahitu zuten burua estalita eta armatuta zeuden pertsonek, 15 bat, eta baso batera eraman zuten. Berastegik adierazi duenez, bahiketak iraun zuen zazpi orduetan "behin eta berriz kolpatua, torturatua  eta mehatxatua" izan zen. Bestak beste, buruan poltsa jarri zioten arnasarik gabe utziz. Berastegik azaldu duenez, guztiaren arduradun zen pertsona batek aurpegia erakutsiz galdekatu zuen. Haiekin "kolaboratzeko" eskaintza egin zioten, horretarako dirua ere eskaini omen zioten. Aurpegia erakutsiz galdekatu zuen gizonak esan zion bere aurkako polizia-akusazioak zeudela eta kolaboratzen ez bazuen bere aurka egingo zutela. Berari buruzko txosten bat ere erakutsi omen zion eta beste hitzordu bat ere jarri omen zioten. Zazpi ordu ondoren libre utzi zuten. Berastegik salaketa judiziala jarri du egitateak eta arduradunak zein diren ezagutzeko. Amaia Izko abokatuak Beleixe Irratian esan duenez, "oso konstzienteak gara zein zailtasun ditugun, zeren beraiek hau egitera ausartzen badira da ikusten direlako inpunitate osoarekin. Oso zaila da inpunitate hori apurtzea, baina horrek ere ezin gaitu atzera bota". Alainen testigantzaEraikuntzan lan egiten dut, eta astearte batean deitu zidaten telefono batetik, Irunberrin borda bat konpontzeko lan bat zutela. Galdetu zidaten ea joan ahal nuen, eta esan nien baietz. Ostirala zen (hilak 17, 19:30).Lanetik atera ondoren joan nintzen Irunberri aldera, eta telefonoz deitu nion iristen ari nintzela esateko. Han zeuden niri itxaroten. 4x4 bat zuten, eta nik auto bat. Pista batetik autoaren atzetik jarraitzeko eta borda batera joango ginela esan zidaten. Kilometro batzuk basotik egin genituenean, eta pista okertu zenean, (...) beraien autora igotzeko esan zidaten, nirea ez zela egokia bide horietatik ibiltzeko. Nire gauzak hartu nituen, eta 4x4an igo nintzen. 2-3 km gorantz egin genituen mendiz, eta pista bukatu zenean, autoa gelditu zuten.Jaitsi bezain pronto atera zitzaizkidan 8-10 bat gizon pistolekin eta metrailetekin, kaputxa eta guzti. Hasi ziren builaka lurrera botatzeko, eta gainera etorri zitzaizkidan. Eskuak lotu zizkidaten. Poltsikoan nuen guztia atera zidaten: kartera, sakelakoa, betaurrekoak, karpeta bat eta metro bat oharrak hartzeko eta ezer gehiago. Hala hasi zen zazpi orduko infernua.Han bakarrik nengoen, ez zekien inork han nengoenik ere, eta oso urduri nengoen. Kolpeak hasi ziren. Lauzpabost aldiz poltsa jarri zidaten buruan, asfixia sortzen zidaten poltsa estutuz oxigenorik gabe geratu arte. Irainak egiten, mehatxuak egiten, umiliatzen jarraitu zuten... Bizitza hondatuko zidatela esan zidaten, bukatuta nengoela, nire familia ere hondatuko zutela (...) Ni ez nintzela ezer bizitza honetan zioten. "Zuretzat jainkoa gara" esan zidaten gaztelaniaz, eta ni kaka besterik ez nintzela. Mehatxu horiek egin zizkidaten. Panorama hura ikusita, batek pentsa dezake nola sentitzen nintzen. Beraiek nahi izan zutenean kartzelatua izan nintekeela bizitza guztirako zioten. Edozein akusazioa zabalduko zidatela eta salatzen banuen ere, askoz ere okerrago izango zela. Hobe nuela beraiekin kolaboratu, bizitza konponduko zidatelako. Momentu batean maletatxo bat atera zidaten diruz beteta ikusteko egia ziotela, edo ez dakit zertarako. Kolaboratzen banuen, lehena nire segurtasuna izango zela, eta ezezkoa ematekotan nire bizitza oso desberdina izango zela. Une hartan gogorra egiten bazitzaidan ere, esaten nien ezin nuela, ez nuela horrelakorik egiten...Beraiek nahi izan zutenean hartu ninduten tokian utzi ninduten. Ezezkoa esan nienez beste aukera bat eman zidaten, eta hurrengo asteazkenean (hilak 22, 18:00etan), beste zitazio bat egin zidaten. Valtierran uste dut. Ez nintzen joan, eta salatu egiten ditut pertsona horiek inpunitatea dutelako eta hau inori gerta ez dakion. Joan ez nintzenez sakelakotik izan dut beste deiren bat, mezuren bat ere bai, baina oraingoz ez dago besterik.SalaketaAmnistiaren Aldeko Mugimendutik (AAM) salatu dute "espainiar gobernua bultzatzen ari den gerra zikinaren adierazpen berri baten aurrean gaudela". Azaldu zutenez, "estatuen errepresio estrategiaren hamaika aurpegietako bat da gerra zikinarena". Azken hilabeteetan Alainen moduko beste hainbat bahiketa izan direla salatu dute eta desagertua dagoen Jon Antzaren kasua gogora ekarri dute. AAMtik nabarmendu dutenez, "Euskal Herrian konpondu gabeko gatazka politiko bat bizi dugu, eta batzuek errepresioarekin eta gerrarekin itxi nahi dute hemen dagoen arazo politikoa". AAMk eskatu ditu "espainiar segurtasun indarrek bahiketa honetan duten erantzukizuna" argitzeko. Azkenik, "gizarteari gertaera hauen aurrean kalera ateratzeko" deia egin zion AAMk. Gertaera salatzeko ostiralean Iruñean, 19:00etan, Gobernu Ordezkaritzaren aurrean kontzentrazioa eginen da eta agorrilaren 8an, Arbizun, 19:00etan, manifestazioa deitu dute.