Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Columbiako Mark Cavendishek eta Astanako Alberto Contadorrek gogotsu altxatu zituzten besoak atzo Pariseko Campo Eliseoetan. Azkeneko etapa, ohikoa denez, esprintean jokatu zen eta Columbiako Mark Cavendishek atzera ere sekulako erakustaldia eman zuen, egungo gizonik azkarrena dela erakutsiz. Sei garaipen lortu ditu 24 urteko britainiarrak aurtengo Tourrean, errekorra gaindituz. Beste modu batean esanda, Tourrean lehiatu dituen esprint guztiak irabazi ditu Cavendishek, seitik sei. Eta iazko Tourrean hiru etapa irabazi dituenez, guztira 9 garaipen ditu Tourrean. Sekulakoa. Eta sekulakoa zen ere Alberto Contadorrek podiumaren gainean zuen aurpegia. Kontentu zegoen Pintoko txirrindularia, oztopoak oztopo - bereziki bere taldekide Lance Armstrongekin izandako lehia - bere bigarren Tourra irabazi duelako. Horretaz gain Giro bat eta Vuelta bat dauzka madrildarrak. Contadorrek eskalatzaile onena dela demostratu du eta erlojupekoan ere handia dela, progresio ikaragarria egin baitu. Mentalki ere gogorra dela demostratu du madrildarrak, Armstrongen, Astanaren eta medioen presioa eta giro gaiztoa bikain jasan baitu. Pozik zegoen Contador, baina podiumetik jaitsi eta bere lehen hitzetan argi utzi zuen momentu kritikoenak Astanako hotelean pasatu dituela, Armstrongekin duen harremana hutsa dela, eta hurrengo urtean "soilik berarengan pentsatzen duen talde batekin" itzuliko dela. Sailkapena Sailkapen orokorrean Contadorrek (85:48:35) 4:11ko aldea atera dio Saxoko Andy Schlecki eta 5:24koa bere taldekide Lance Armstrongi. Armstrongek talde berria osatuko du datorren denboraldirako, RadioSchack, eta orain arte Astanako zuzendari Johan Bruyneel izango da talde berriko zuzendaria. Contadorrek zer egingo duen ez dago argi, Astanan jarraitu baitezake edo beste talderen batean. Aipatzekoa da Contadorrek eta Armstrongek ez dutela batere harreman onik, podiumean soilik eskua estutu baitzuten, baina ez ziren begiratu ere egin. Txirrindulari sakandarrei dagokionez, Egoi Martinez 44.a izan da, 1:07:20ra; Gorka Verdugo 61.a, 1:35:49ra; eta Jose Luis Arrieta 81.a, 2:11:29ra. Mendiko maillota Liquigaseko Franco Pellizottik eskuratu du azkenean (210 puntu), eta bigarrena Egoi Martinez izan da, 135 punturekin.Sakandarrak, bikainTxirrindulari sakandarrek lan bikaina egin dute Tourrean. Ag2r taldeko Jose Luis Arrietak bere hamargarren Tourra jokatu du aurten eta konfiantzazko gregarioa dela demostratu du, bere taldekide Rinaldo Nocentiniren zortzi eguneko lidergoa eusteko funtsezko papera egin baitzuen, lan itzelarekin. Sasoi betean dago uhartearra. Nahiz eta hurrengo urtean Ag2r taldearekin jarraitu ez omen du ikusten bere burua beste Tour batean, baina halako esperientzia eta sasoiarekin, nork daki! "Oso ongi bukatu dut Tourra, azkeneko urtetan baina hobe, eta oso pozik taldeak egin duen lana oso ona izan delako" zioen uhartearrak astelehenean Tourretik bueltan. "10 Tourrekin nahikoa dut, baina urte bat gehiago jarraituko dut taldean, eta korritu behar dudala esaten badidate igual bueltatu beharko naiz" gaineratu zuen. Euskaltel Euskadi taldeak oso itxura ona eman du. Ihesaldietan lehiakor, Astarlozaren etapa garaipena eta sailkapen orokorreko hamaikagarren postua, mendiko maillota lortzeko Egoi Martinez etxarriarraren borroka... kontentu dago talde laranja. Eta hori guztia lortzeko lan handia egin dute gure txirrindulariek. Egoi Martinezek lau egunez jantzi zuen puntudun gorriko mendiko maillota, uztailaren 12tik 16ra bitartean, eta hori lortzeko oso aktibo egon zen Pirinioetan eta ihesaldietan. Gainera, bi etapatan bosgarrena izan zen etxarriarra. Pozik dago egindako lanarekin. "Tour handia izan da maila pertsonalean eta baita taldearendako, eta horregatik oso balantze positiboa egiten dut. Presentzia handia izan dugu eta nik inoiz baino gehiago disfrutatu dut eta dudan guztia eman dut" zihoen etxarriarrak. Gorka Verdugo etxarriarrak ere maila ona eman du, nahiz eta arazo fisikoak izan. "Ongi bukatu dut, baina Tour erdian fase txarra izan nuen, ez nebilen ongi. Horregatik ez nago oso kontentu" zihoen etxarriarrak astelehenean, Biarritzeko aireportuan. Nolanahi ere, talde lan oparoa egin du, ihesaldietan presente egonez, eta Astarlozaren garaipen egunean lan handia egin zuen. "Ezinbesteko txirrindularia da" dio berataz Egoi Martinezek.