Café Gometero taldearen agintea Iruñeko Itzuliko lehen etapan

Guaixe 2009ko uztailaren 28a

Atzo abiatu zen Gazte Mailako XXIII. Iruñeko Itzulia, Valtierran hasi eta despeditu zen 85 kilometroko etaparekin. Hirugarren mailako Azkoiengo Gainetik eta bitan hirugarren mailako Virgen del Yugoko Gainetik pasa behar izan ziren txirrindulariak, beroa protagonista zela. Miranda de Ebroko Café Gometero taldea jaun eta jabe izan zen, aipatu taldeko bost txirrindulari heldu baitziren helmugara lehenak, Alberto Ginea buru zela (2:07:49). Dagoeneko Azkoiengo Gainetan ihes egin zuten Café Gometeroko Alberto Gineak, Juan Carlos Riutortek eta Eferen Carazok, tropelari ia hiru minutuko tartea atereaz, eta eurak izan ziren helmugan lehenak. Tropelekoak ez ziren ados jarri eta ihesaldiak fruitua izan zuen. Rural Kutxako Beñat Txoperena hamargarrena izan zen eta probako lehen nafarra, 2 minutura, eta talde bereko Ion Irigoien 25.a, 3:46ra. Irabia-Aralar taldeko Iñaki Mañeru 58.a izan zen, 5:04ra, eta atzetik sailkatu ziren Sakanako Irabia-Aralar eta Rural Kutxa-Burunda taldeko txirrindulariak. Gaur Iruñeko Itzuliko etapa nagusia jokatuko da, Belaskoainen hasi eta despedituko dena. Mendia izango da nagusi, eta lehen mailako Etxauriko Gaina izango da txirrindulariek pasa beharko duten porturik gogorrena. Etxauriko portua jaitsi bezain pronto, bigarren mailako Girgillanoko Gainera jo beharko dute, eta horretaz gain, hirugarren mailako bi portu gainditu beharko dituzte, horietako bat helmugan bertan, Belaskoainen. Hortaz ikuskizuna ziurtatuta dago.