Tourreko izarrak bihar Donostia Klasikoan

Guaixe 2009ko uztailaren 31

Frantziako Tourra despeditu berri da baina bertan aritu diren izar nagusiek dirdira eginen dute bihar gurean, Donostiak Klasiko famatua jokoan baitago. Tourreko irabazle Alberto Contador izanen da irteeran egonen den izarretako bat, hurrengo faboritoekin batera: Valverde, Pereiro (Caisse d´Epargne); Tourreko mendiko irabazle Pellizotti (Liquigas), Schleck anaiak (Saxo Bank); Tourrean lider izandako Nocentini (Ag2r); Evans (Silence), Cunego (Lampre), Freire eta Menchov (Rabobank), Karpets (Katusha), Astarloza eta Samuel Sanchez (Euskaltel)...Lasterketa goizeko 11:00etan abiatuko da Boulevarretik, eta txirrindulariek bost portu gainditu beharko dituzte: Garate (2. maila), Azkarate (bigarren maila), Udana (bigarren maila), Jaizkibel (lehen maila) eta Arkale (bigarren maila). Lasterketa Boulevarrean despedituko da, arratsaldeko bostak inguruan. Txirrindulari sakandarrek ez diote uko egingo Donostiako proba famatuari. Tourretik iritsi berri diren Egoi Martinezek eta Gorka Verdugok Euskalteleko lider Astarloza eta Sanchezendako eginen dute lan, eta Jose Luis Arrietak bere taldeko liderrendako, Nocentini tartean. Imanol Erbitik Valverde eta Pereirori emanen die laguntza. Bestalde, Oscar Guerrero altsasuarrak zuzentzen duen Contentpolis Ampo taldea ere lehian ariko da. Bestalde, igandean Urkiolako Igoera jokatuko da Durangon, eta bertan Euskaltel, Caisse d´Epargne eta Contentpolis Ampo taldeak izanen dira, besteak beste. Txirrindularien asmoei begira, Donostiako Klasikoa eta gero Arrietak eta Martinezek atsedena hartuko dute irailean Espainiako Itzulian ariko baitira. Gorka Verdugok, aldiz, Urkiolako Igoera eta Burgoseko Itzulia jokatuko du, baina ez da Espainiako Itzulian ariko. Urtasun eta Azanza Ricardo Otxoa memorialeanGaur, ostiralean, IX. Ricardo Otxoa memoriala jokatuko da Getxon. Tartean Euskalteleko Pablo Urtasun urdiaindarra eta Jorge Azanza altsasuarra ariko dira. 185 kilometroko proba da.