Atzo gazte mailako Iruñeko Itzuliko bigarren etapa jokatu zen, etapa nagusia, Belaskoainen hasi eta despeditu zena. Sakanako Rural Kutxa-Burunda taldeko Beñat Txoperena igantziarrak sekulako erakustaldia eman zuen eta etapa irabazi zuen, sailkapen orokorrean hirugarren postuan sailkatuz. Txoperenak helmugarako 60 kilometroren faltan jo zuen erasoa, Belaskoaingo gaina lehen aldiz igotzerakoan, Lubekoko Santiago Ramirezekin batera. Aurrean ihes zioazenak harrapatu zituzten eta aurrera egin zuten biek, Etiopia Utopia taldeko Unai Intziarterekin batera. Lehen mailako Etxauriko portua zetorren ondoren, portu gogorra. Intziartek ezin izan zion Ramirezen eta Txoperenaren erritmoari eutsi eta atzean geratu zen, eta beste biek aurrera egin zuten, elkar ongi ulertuz. Etxauri jaitsi eta bigarren mailako Girgillanoko portuan zeudela Txoperena sasoitsuago zegoen, erasoa jo eta bakarrik egin zuen aurrera, Ramirez atzean utziz. Atzean, lehen etapan erakustaldia eman zuten Cafes Gometero taldekoek ez zebiltzan ondo. Sailkapen orokorrean asteartean lortu zuten aldea murrizten zihoan Txoperena, eta hala ere ez ziren tropela mugiarazi eta ihes egindakoak harrapatzeko gai izan. Kontuak kontu, Belaskoainen zegoen helmugan Txoperena lehena izan zen (2:14:46). Lubekoko Santiago Ramirez bigarrena izan zen, 59ra, eta atzean tropela sartu zen, Cafes Gometeroko Efren Carazo buru zela, 1:25era. Irabia-Aralarreko Francisco Jose Valencia 36.a izan zen, 1:25era, eta atzetik sartu ziren Sakanako aipatu bi taldeetako txirrindulariak. Txoperena hirugarrenaSailkapen orokorrean Cafes Gometeroko Efrén Carazok jarraitzen du buru (4:24:00). Bere taldekide Alberto Ginea bigarrena da, sei segundora, eta Rural Kutxako Txoperena hirugarrena, 35 segundora. Liderrarekin zuen aldea minutu eta erdian murriztu zuen igantziarrak. Txoperena, halaber, onena da mendiko sailkapenean eta lehen nafar onena da. Gaur hirugarren etapa jokatuko da, Mutiloan hasi eta despedituko dena, 102 kilometrokoa. Ez dago mendirik eta litekeena da etapa esprintean erabakitzea. Gazte mailako Iruñeko itzuliko azken etapa bihar izanen da, Iruñean. Caballo Blancon bukatuko da lasterketa. Ea zer moduz doakien gure txirrindulariei.