Presoen sakabanaketaren salaketa errepide bazterretik

Guaixe 2009ko uztailaren 31

Irteera operazioarekin batera, Etxerat erakundeak "indarrean dagoen sakabanaketa politika" salatzeko Euskal Herriko hainbat errepidetan bilkurak eginen ditu. Sakanan Arbizura deitu du erakundeak, bihar 12:00etatik 13:00etara. Etxerat-ek salatu duenez, euren senide eta lagunak "egunero heriotzaren erruleta batean murgiltzen dituzte, bizi baldintza gogorrenetan, gaixotasunek eta inpunitateak bat egiten duten lekuetan" dituztelako. Etxerat-ek ere nabarmendu du "astebururo, senide eta lagunok gure bizia arriskatzen dugu espainiar eta frantziar estatuetako errepideetan". Etxerat-ek gogora ekarri du 740 preso daudela, "euren etxeetatik 700 kilometrora batez beste". Horrekin batera, espetxeetan 21 hildako izan direla eta 15 hilean behin senide edo lagun batek bizia uzten duela errepidean. Espetxe politika "xantaiatzat" jo zuten, eta dakarren kostu ekonomikoa (15 milioi euro) ere "xantaia ekonomikotzat".