Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Liburuaren egunean jarri zen martxan Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpaina. Orduz geroztik, Euskal Herriko milaka irakurlek euskarazko liburuekin gozatzeko aukera paregabea izan dute. Hori gutxi ez, eta, gainera, deskontu txartelak jaso dituzte liburutegietan. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatu du egitasmoa Euskal Herrian. Aurten hirugarren aldiz iritsi da Sakanara Altsasuko Kima euskara taldearen eta Irurtzungo Aizpea euskara taldearen eta Pikuxar euskal txokoaren eskutik. Uztailaren 24an amaitu zen aurtengo kanpaina eta, beraz, balorazioak egiteko unea iritsi da.Aurten zozketa eta guztiEuskarazko liburuen irakurketa sustatzeko helburua du Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainak. Uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea. Horregatik, uda aurreko hilak egokiak irudi zaizkie euskaltzaleei liburu trukea sustatzeko. Asko izan dira tarte honetan Altsasu edo Irurtzungo liburutegietatik pasa diren euskaldunak. Bertan fitxa bat bete, eta deskontu txartela jaso dute Altsasuko Urteaga dendan edo Irurtzungo Martxueta eta Elustondo liburu dendetan erabiltzeko. Deskontu txartelak gutxi ez, eta euskaraz irakurtzeko arrazoi gehiago eman dituzte aurten euskara taldeek: irakurleen artean zozketak egin dituzte. Irurtzunen Kukuxumusuren motxila ederra jaso zuen Mikel Lasartek. Kima euskara taldeak, berriz, Nafarroa Oinezek argitaratutako Beriainen itzalean liburuaren 2 ale zozketatu ditu. Edurne Lazkoz eta Sara Rubio izan dira sarituak. Talde euskaltzaleek liburuzainen lana azpimarratu dute. Bestalde, Aizpea euskara taldeak ikastetxeen lana ere txalotu du: "Irurtzungo Atakondoa ikastetxean kanpaina bultzatu dute eta eragina nabaria izan da" esan digu Mikel Goldarazenak. Euskara taldeek zozketetan sarituak izan direnak zoriondu dituzte eta, batez ere, irakurketaz gozatu duten sakandar guztiak.