Lasterketak Etxarrin, Lakuntzan eta Altsasun

Guaixe 2009ko uztailaren 30a

Aralar Txirrindulari Taldeak kadeteen mailako lasterketa antolatu du asteazkenean, abuztuaren 5ean, Etxarri Aranatzen, festak direla eta. Txirrindulariek 54,7 kilometro osatu beharko dituzte, eta Lizarragako katea igo beharko dute aldi batez. Bestalde, abuztuaren 25ean, asteartean, 23 urtez azpiko afizionatuen mailako XX. Lakuntza Fundiciones Sakana lasterketa jokatuko da Lakuntzako festetan, Lehendakari Txapelketarako baliagarria, Aralar Txirrindulari Taldeak antolatutakoa. Lasterketak 135,2 km dauzka eta lau aldiz igoko dute Lizarragako katea. Bizpahiru urtetan afizionatuen lasterketarik gabe egon eta gero, aurrekontu arrazoiengatik eta beste, poztekoa da afizionatuen txirrindularitza Lakuntzara itzuli izana. Eta aipatzekoa da ere irailaren 9an LXXX. Altsasuko Txirrindularitza Proba jokatuko dela, Euskaldun Torneorako baliagarria eta 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulariei begira, Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatuta. Bestalde, asteburu honi dagokionez, 23 urtez azpiko eta elite mailako afizionatuek Euskaldun Torneorako baliagarria den lasterketa dute igandean Oiartzunen. Asteartean, Torneo berbererako baliagarria den IX. Ricardo Otxoa Saria egonen da jokoan Berangon.