Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak herrialdeko urrezko domina UGT eta CCOOri eman zienean, LABek adierazi zuen bi sindikatuek euren burua "saldu" egin zutela. Epaitegietan bukatu zuen gaiak eta "kritika sindikalerako eskubidean" kokatu du epaileak salaketa. LABek UGT eta CCOOen "amore emate etengabea salatzeko" erabili zuela esapidea azaldu du. Sindikatu abertzaleak salaketa berretsi du eta horretarako aurtengo aurrekontuetan oinarritu da. LABe-k jakinarazi duenez, CENek (Nafarroako enpresarien elkartea), UGT eta CCOO sindikatuek 2.700 milioi pezeta baino gehiago jasoko dituzte aurtengo Nafarroako aurrekontuetatik. LABk salatu du hiru erakunde horiek jasoko duten diru kopurua Gobernuak beste arlo batzuetara bideratutakoa baino askoz ere txikiagoa dela, esaterako: diru-sarrerarik ez duten 10.000 familiek jasotzen dutena; Berdintasunerako Nafarroako Institutuko edo Euskarabideako programak eta jarduerak; Nafarroako Lan Osasunaren institutua edota Emakumearen Arretarako Nafarroako Zentroak. LABk salatu du Nafarroako Gobernua "zerbitzu publiko ugari pribatizatzen" ari dela "UGTren eta CCOOren mesedetan". Sindikatu abertzaleak kritikatu du CENek, UGTek eta CCOOk lan arriskuen prebentziorako, berdintasunerako edota etorkinen arlorako gobernuak berak baino aurrekontu handiagoa dutela. Salatutako guztiaren aurrean LAB bera alternatiba dela adierazi du. Aldi berean, iazko azaro akaberan CCOOk ELA eta LAB ibarraren egoeraren arduradun eginez egindako salaketa ukatu egin du sindikatu abertzaleak.