Musikoterapia eta psikomotrizitate tailerra ez gaituendako

Guaixe 2010eko urtarrilaren 21a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak musikoterapia eta psikomotrizitate tailerra antolatu du ez gaitasunen bat duten pertsonendako. Helburua aisialdia lantzea da eta aldi berean, ariketa fisikoa egiteko aukera eskaintzea. Jarduera honen helburu nagusia ez gaitasunen bat duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea da. Psikomotrizitate tailerrarekin ondokoa landuko da: zentzumenen estimulazioa landu; erlaxatu; ariketa egin: alde muskularra hobetu, oreka landu, koordinazioa...; gorputza ezagutu; alde kognitiboa landu; emozioak landu; eta sentsibilitatea landu. Eta musikoterapiarekin musika, erritmoa eta instrumentuak erabiliz pertsonen garapena lortzea da asmoa. Mankomunitateko Kirol Zerbitzura hots eginMusikoterapia eta psikomotrizitate tailerra ez gaitasuna duten pertsonendako zuzendua dago, 10 urtetik gorakoendako. Otsailetik ekainera bitartean, hilean behin eskainiko da, Olaztiko Kultur Etxean. Bi orduko saioa izanen da, Maite Ulazia begiraleak gidatutakoa. Izena emateko Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzura jo behar da (948 464 866 telefonoa). Oso onuragarriaJakina da jarduera fisikoak onurak dauzkala pertsonengan. Ariketak egitean gorputzeko giharrak, hezurrak, tendoiak eta metabolismoa martxan jartzen dira, aktibatu. Gainera jarduera fisikoak egun oso ohikoak diren hainbat kalte - - bihotzekoak, diabetesa, kolesterola, loditasuna, bizkareko mina... - ez edukitzen lagundu ahal digu. Eta bestalde onura sozial garrantzitsuak sortzen ditu jarduera fisikoak. Jarduera gauzatzen den bitartean pertsonak elkarrekin daude eta erlazionatu egiten dira: ikaskideak, begiralearekin eta inguruan dauden guztiekin. Gorputza arina eta osasuntsua edukitzea eta gainera ongi pasatzea, erlazionatzea, barre egitea, kontuak partekatzea... Horrek pozak dakar guztiendako.Musikaterapia eta psikomotrizitateaMusika-terapia, helburu terapeutikoekin musika erabiltzea da: osasun mentala nahiz fisikoa eraberritzeko, mantentzeko eta hazteko erabil daiteke. Aldi berean, jarrera aldaketak eragiteko terapeuta batek testuinguru terapeutiko batean zuzendutako musikaren aplikazio zientifikoa ere bada. Aipatutako aldaketek jaso beharreko tratamendua erraztuko diote pertsonari. Helburua pertsona horrek bere burua eta bere ingurunea hobeto ulertzea izango da, betiere gizartean hobeto txerta dadin. Labur esanda, musika-terapiaren helburua ez da musikariak sortzea, maila guztietan nortasuna, afektibitatea eta jarrera hobetzea baizik. Psikomotrizitatea mugimenduaren eta psikismoaren arteko erlazioa azaltzen duen terminoa da; mugimenduaren adierazpena da. Eremu guztietan landu behar da: afektibitatean, motrizitatean eta kognitiboan. Mugimenduaren bidez pertsonaren garapen fisiko, psikiko eta soziala ahalbidetzen, errazten eta suspertzen duen gaitasuna da psikomotrizitatea.