AHTren kontrako manifestazioan parte hartzera deitu dute

Guaixe 2010eko urtarrilaren 22a

Sakanako AHT Geltitu! Elkarlanak, Sakana bizirik! plataformak eta Makropoligonoaren aurkako Batzarrak bihar abiadura handiko trenaren (AHT) kontrako manifestazioan parte hartzera deitu dute. Hara joateko autobusa ere antolatu dute. AHT Gelditu! Elkarlanak eta CADE elkarteak deitu dute manifestazioa AHTrik ez! proiektu txikitzaileak gelditu! leloarekin. Jakinarazi zutenez, CADE elkarteak "Lapurdin eraikita dagoen AHT linea erabili eta berririk ez egiteko eskatu du". Elkarlaneko kideek adierazi zutenez, Nafarroan AHTri buruzko "benetako eztabaidarik ez da izan" eta "zer nolako garraio mota nahi dugun" hausnartu beharra nabarmendu zuten. Beste egitasmoakIbarrean ere "proiektu txikitzaileak" daudela azaldu zuten elkarlaneko kideek. Olatzagutiako porlandegiak "balorizazio/inzinerazio egitasmoa udalean aurkeztu" duela jakinarazi du plataformako kideak. Asmo horren kontra herritarrak eta udala kontra azaldu zirela gogora ekarri zuen. Urdiain-Altsasu artean egin asmo dagoen industrialdearen inguruan zehaztu zuten "halakorik ez dela behar" eta "Sakanan industrialde txiki eta banatuagoen alde" azaldu zen batzarreko kidea. Industrialdearen eta desjabetze prezioen kontra alegazioak aurkeztu zirela ere azaldu zuen. 16:00etanManifestazioak Hendaia eta Irungo Santiago zubia lotuko ditu.