Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako bertsolariek lanean hasiko dute urtea. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ajea astindu eta buru belarri murgilduko dira 39. Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Azken urtetako parte-hartzaile kopururik altuena izango du aurtengoak, 27 guztira. Horien artean daude Eneko Lazkoz etxarriarra eta Oier Lakuntza urdiaindarra. Bihar hasiko da txapelketa Aizarotzen. Han izanen da Oier Lakuntza, bost bertsolarirekin hitzez lehiatzeko prest. Otsailaren 6an sartuko da lehian Eneko Lazkoz. Ea martxoaren 20ko final handira iristen diren. Zortzi saioIaz bezala, zortzi saio izanen ditu txapelketak, lau azken-laurden, hiru finalaurreko eta finala. Asteburuan jokatuko dira lehen bi azken-laurdenak, Aizarotzen eta Sunbillan. Ilbeltzaren 31n Agoitzek hartuko du txanda eta otsailaren 6an, Garesek. Seina bertsolari lehiatuko dira azken-laurden bakoitzean. 24 bertsolari horietatik, 15ek eginen dute aurrera. Finalerdietan, Jon Berberena, Iñigo Olaetxea eta Julio Soto izanen dituzte zain, txapelketa lehen fasetik hasiko ez duten bakarrak. Etxarri Aranatzen jokatuko da lehen finalaurrekoa, otsailaren 20an. Iruritan eta Atarrabian jokatuko dira beste bi kanporaketak. Zortzi bertsolari onenen artean erabakiko da txapelketa martxoaren 20an. Elizondoko Lur aretoa txiki geratu da eta aurten Lesakako pilotalekuak hartuko du finala.Nafarroako Bertsozale Elkarteak herrialdeko bazter guztietara eramanen du bertsolaritza. Herri txikienek eta ez horren euskaldunek ere bertsoz gozatzeko aukera izanen dute aurten. BilduHori da aurtengo txapelketaren lema. Haren bidez, bi mezu zabaldu nahi ditu Bertsozale Elkarteak: batetik, herritarrei bertsoen inguruan bildu eta gozatzeko gonbitea egiten diete. Bestetik, ereindako haziaren fruitua jasotzen ari direla adierazi nahi dute. Izan ere, azken urtetako txapelketetan nabarmentzekoa da bertsolarien gaztetasuna. Aurten, gainera, lau bertsolari ariko dira lehen aldiz: Arkaitz Goikoetxea, Egoitz Gorosterrazu, Ioar Tainta eta Jose Luis Barberia Zili. Azken urteotan transmisioan egindako lanaren fruitua da. Oier Lakuntza lehianLehen kanporaketan sartuko da lehian Oier Lakuntza. Urdiaindarrak Julen Zelaieta, Bittor Elizagoien, Aimar Karrika, Iker Gorosterrazu eta Arkaitz Goikoetxearekin neurtu du abilezia. Estreinako txapelketa du azkenak. Aizarotzen, Basaburuko kultur etxean izanen dute lehia, bihar, 17:30ean. Urdiaindarrak otsailaren erdialdera itxaron beharko du txapelketan aurrera egin duen jakiteko.