Ipuin osasuntsuak

Guaixe 2009ko irailaren 8a

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak Osasun Jardunaldia antolatuko du Altsasun urriaren 16tik 17ra. Osasun Berrikuntzak gai hartuta, diagnostikoan, tratamenduan eta kudeaketan izan diren hobekuntzak landuko dituzte bi egunez Altsasuko Iortia kultur gunean. Giroa berotzeko, osasunaren inguruko ipuin lehiaketa antolatu dute. OinarriakBi kategoria izanen ditu ipuin lehiaketak: helduena eta haurrena. Lehenengoan, 300 eurokoa izanen da saria eta bigarrenean, 100 euroko liburu-txekea. Ipuinak orijinalak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izanen dira. Gehienez ere, DIN A-4 neurriko 8 orriko luzera izanen dute, alde bakarretik eta tarte bikoitzean idatzita. Ipuin bakoitzaren hiru ale aurkeztu behar dira, gutun-azal itxian, egilearen inolako aipamenik gabe. Barruan, beste gutun-azal itxi batean, ondoko datuak zehaztuko dira: egilearen izena, abizenak, helbide osoa, telefonoa, NA zenbakia eta sinadura. Irailaren 30ean amaituko da lanak aurkezteko epea. Helbide honetara bidali behar dira: OEE Nafarroa, FUNTSAk, Fiteroko monasterioa kalea 4, 31011 Iruñea.