Sakandarrak Euskal Herriko Dantzari Egunera

Guaixe 2009ko irailaren 11

40 urtetik gorako ibilbidea dauka Euskal Herriko Dantzari Egunak. 1967an sortu zen Iparralden eta 1978tik Euskal Herri osora zabaldu da, edizio bakoitzean herrialdez aldatuz. Aurtengoan, Nafarroak hartu du txanda. Egun osoko ospakizuna izanen dute bihar Atarrabian. 7 herrialdeetako 36 dantza taldek bat eginen dute festan, tartean, Lakuntzako Elai Alai eta Irurtzungo Orritz dantza taldeek. 700 bat dantzari espero dituzte denera. Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak, Atarrabiako Mikelats dantza taldeak eta Atarrabiako Udalak egun handia antolatu dute elkarlanean. Dantzarien lagun, txistulari, trikitilari, akordeoilari eta gaiteroek musikaz beteko dituzte Atarrabiako bazter guztiak. Arratsaldeko 17:30ean eginen diete harrera ofiziala dantza talde guztiei. Kalejira jendetsu eta koloretsuaren ondoren, 18:30ean izanen da ekitaldi nagusia, Atarrabiako udal plazan. Euskal Herri osotik joandako dantza taldeek, leporaino beteko dute plaza. Afaria eta gaupasarekin agurtuko dute haien eguna dantzariek.