Tiro olinpikoa praktikatzeko aukera, eskura

Guaixe 2009ko irailaren 7a

Tiroa ezagutarazteko Sakanako herri guztietan erakustaldiak antolatu ditu Mankomunitateak, praktikatu eta urriko Torneoan aritu ahal izatekoSakanako Mankomunitateak, Nafarroako Tiro Olinpikoko Federazioaren laguntzarekin tiro olinpikoa ezagutarazteko jardunaldiak edo erakustaldiak antolatu ditu Sakana guztian barna, "Prezisioa Zure Eskuetan" lelopean. Agorrilaren 22an hasi eta urriaren lehen asteburuan Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko den Nafarroako Foru Komunitateko I. Tiro Olinpikoko Trofeoarekin despedituko dira ekitaldiak.Tiro olinpikoa adin guztietako gizon-emakumeek praktikatzen dute, haurretatik hasita edadetuenetara, tartean ezgaitasunak dituzten pertsonek. Balinak jaurtikitzen dituzten arma pneumatikoekin edo aire konprimitutako karabinekin jokatzen da tiro olinpikora, eta helmuga dianak edo jopuntuak asmatzea da. Punteria jokoa, hain zuzen. Sakanan eta Nafarroan kirol hau ez da asko ezagutzen, eta antolatutako jardunaldien helburua tiro olinpikoa bulkatzea eta sakandarrei kirola ezagutaraztea da. Urriaren lehen asteburuan Nafarroako Foru Komunitateko I. Tiro Olinpikoko Trofeoa izanen da Altsasun, eta torneoko onenak eta sakandar onenak sarituko dira. Asmoa, ahalik eta sakandar gehien torneoan parte hartzera animatzea da, eta horretarako tiro olinpikoko erakustaldiak antolatzen ari dira herriz herri, tiro olinpikoan nola aritzen den erakusteko eta jendeari praktikatzen laguntzeko. Datozen erakustaldiakDagoeneko erakustaldiak egin dira Lizarragan, Iturmendin, Ziordian, Urdiainen, Bakaikun eta Irañetan. Frontoietan izaten dira. Hurrengo erakustaldiak ondokoak izanen dira: irailaren 12an, larunbatean, Lakuntzan, 16:00etan; irailaren 13an, igandean, Arbizun, 10:00etan; irailaren 19an Uharte Arakilen (10:00etan); irailaren 20an Olaztin (16:00etan); irailaren 26an Etxarri Aranatzen (16:00etan); irailaren 27an Irurtzunen (16:00etan); eta urriaren 2an, 3an eta 4an Altsasun, lehenengo bi egunetan 10:00etatik 20:00etara eta hirugarrenean 10:00etatik 14:00etara. Erakustaldiaz gain Trofeoa izanen da jokoan Altsasun.