Evansek Espainiako Itzuliko lidergoa eskuratu du

Guaixe 2009ko irailaren 7a

Atzo Espainiako Itzuliko lehen mendiko etapa jokatu zen, Alacanteko Aitana Gainean despeditu zen etapa. Etapa garaipena Lampreko Damiano Cunegok eskuratu zuen (6:04:54), Cofidiseko Moncoutieri 33 segundoko aldea atereaz. Faborito nagusiak 44 segundora sartu ziren, tartean Cadel Evans, Alejandro Valverde eta Samuel Sanchez, nahiz eta azken honek erorikoa izan. Hain zuzen ere australiarrak jantzi zuen liderraren urre koloreko maillota (31:05:02), Cancellarak etsi eta gero. Evansek bi segundora Valverde du eta zortzi segundora Samuel Sanchez. Sakandarrei dagokienez, Egoi Martinez 52.a da sailkapen orokorrean, 13:34ra; Jose Luis Arrieta 93.a, 22:10era eta Imanol Erbiti 122.a, 29:15era. Gaur etapa gorabeheratsua izango da, Alcoyen hasi eta hirugarren eta bigarren mailako makina bat gainekin. Etapa lehen mailako Xorret de Catí gainean despedituko da.