Valverde urre kolorez jantzi da

Guaixe 2009ko irailaren 8a

Caisse d´Espargne taldeko Alejandro Valverde irrikitan zegoen Espainiako Itzuliko urrezko maillota janzteko, eta atzo lortu zuen lidergoa, Xorret de Cati mendian gora jotako erasoei esker. Egia esan, ordura arte liderra zen Cadel Evans alboan izan zuen beti murtziarrak, baina hobari edo bonifikazioei esker Valverderendako izan zen maillota. Nolanahi ere etaparen irabazlea Xacobeoko Gustavo Veloso izan zen, eguneko ihesaldiari erremate bikaina eman eta helmugara bakarrik helduta. Samuel Sanchezek lidergorako aukera guztiak pikutara bidali zituen, bezperan izandako erorikoaren ondorez min hartuta baitago eta minutu eta 29 segundora sartu baitzen. Bestalde, aipatzekoa da Hiriberriko Imanol Erbitik erorikoa izan zuela baina lasterketan jarraitzen du. Orain gogor lan egin beharko du liderrarendako. Martinezek eta Arrietak ere taldekideak laguntzeko lanetan murgilduak daude. Sailkapen orokorrean Cadel Evans bigarrena da, Valverdetik 7 segundora. Sakandarrei dagokienez Egoi Martinez 57.a da, 21:07ra; Jose Luis Arrieta 91.a, 29:43ra; eta Imanol Erbiti 132.a, 39:26ra.