Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Master mailan (30 urtetik gorakoa) dabil Urdiaingo Iker Zabaleta txirrindularia, Centro Asturiano de Navarra taldean. Bada, igandean IV. La Santina Trofeoa jokatu zen Iruñean, 82 kilometrokoa, eta tartean Perdongo gaina eta Arlegi gaina gainditu behar izan zituzten txirrindulariek helmugarako 11 kilometroren faltan. Tropelean Euskal Herriko, Zaragozako, Errioxako eta Kantabriako txirrindulariak zeuden eta guztiak batera joan ziren 50. Kilometrora arte, bost txirrindularik ihes egin arte. Tartean zegoen Iker Zabaleta urdiaindarra. Bostak batera iritsi ziren helmugara eta azkena Zabaleta izan zen, Kepa Vallejori (Maxim) eta Javier Ruizi (Goerna) aurrera hartuz. Iruñeko lasterketa irabazteaz gain, Iker Zabaleta Euskadiko master mailako txapeldun berria da. Zorionak, bada, urdiaindarrari. Andaluziako mendiak zain VueltanAtzo atseden jardunaldia izan zuten Espainiako Vueltan parte hartzen ari diren txirrindulariak. Atsedena ongi etorriko zaie, asteburuan hiru etapa menditsu eta gogor zain baitituzte Andaluzian, sailkapenean erabakigarriak izan daitezkeenak, larunbateko eta igandeko etapak mendateetan amaituko baitira. Ea nola doakien bertan dabiltzan hiru sakandarrei: Egoi Martinez (Euskaltel), Jose Luis Arrieta (Ag2r) eta Imanol Erbiti (Caisse d´Epargne). Hirurak talde lana egiten ari dira, baina ihesaldiren bat harrapatu eta zehozer lorteko aukera ez dute baztertzen. Egoik Samuel Sanchez laguntzea du lana, Erbitik Valverde liderra babestea, eta Arrieta Valjavec taldekidearen albokoa da. Caisseko Alejandro Valverdek eusten dio urrekoloreko maillotari (45:37:51). Evans (Silence Lotto) zazpi segundora dago, eta Gesink (Rabobank) 26ra. Samuel Sanchez seigarrena da, 1:03ra. Egoi Martinez 52.a da, 21:07ra; Jose Luis Arrieta 94.a, 40:54ra; eta Imanol Erbiti 110.a, 50:17ra.