Lezearen ahoan, hildakoak gogoan

Guaixe 2009ko irailaren 7a

Urtero moduan, iraileko lehen igandearekin batera, Otsoportiloko lezearen inguruan jende bildu zen, 300 bat. Guztiak ere Espainiako gerra garaian ibarrean hil zituzten errepublikaren aldekoak gogoan izan zituzten. Fusilatuen senideek antolatutako ekitaldian Altsasuko apaiz den Txanek eukaristia egin zuen. Ondoren ibarreko ezker abertzaleak antolatutako ekitaldia egin zen, zeinetan gertatutakoa gogoan izan baitzen. Santi Kirogak esan zuen "hirurogeita hamar urte baino gehiago joan badira ere, Francok dena "ongi loturik" uztearen ondorioak pairatzen ari garela". Foru Komunitateari dagokionez, gaineratu zuen, "Amejoramenduaren Erregimena blindatu nahian dabiltza, haiendako Nafarroako espainiartasuna eta erabakitzeko eskubidearen ukazioa blindatzea ezinbestekoa da". Ekitaldian euskal kantak tartekatu ziren eta hildakoen omenez aurreskua dantzatu zen. Bukatzeko, bildutako guztiendako auzatea izan zen.