Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nicolas Arbizu iturmendiarrak agorrilean eta irailean lau bisita gidaturako eskaintza egin du. Berak esan digunez, "naturaz gain, ibarrean nahikoa arte eta historia baliabide badaude ezagutzera emateko". Orain denbora du eta, bere ibarreko historia eta ohituren ezagutza zabala besteei ezagutaraztea erabaki du. Aurretik ere hitzaldiak eman eta bere herrian bisita gidatuak egin izan ditu eta eskarmentu hori baliagarria izango da eskaintza egin duen honetan. Lehenik landetxe eta kanpinekin harremanetan jarri zen, eta halako zerbaiten premia zegoela nabarmendu zioten. Sakanako Mankomunitateak Etxarri Aranatzen jarri duen turismo bulegoaren bidez 4 eskaintza egitea erabaki zuen. Gainera, ordutegiak eta ibilbideak eskaeraren arabera egokitzeko aukera eman du. Nicolasek bisita batzuk egin ditu eta esperientzia "positiboa" izan dela dio. Gainera, ziur da halako ekimenak ibarrean etorkizuna izan dezaketela. Bere eskaintza hobetzeko inguruetako turismo partzuergoetan izan da han nola egiten duten ezagutzeko. IbilbideakErromanikoa eta Aralarko sekretuak. Zamartze eta Aralarko santutegia ezagutzearekin batera, haitza duten zuhaitza eta trikuharri bat bisitatzeko aukera ematen du. Asteazkenetan izaten da, 11:00etan. 2 ordu eta erdiko iraupena du. Helduek 5 euro ordainduko dute, haurrek 2. Iturmendi. Elizako erretaula, kanpandorrea, Aitzagako XII. mendeko bataio-harria eta herriko etxeei buruzko historia txikia ezagutzeko aukerra herrian barna egindako ibilbidean. Ostegun eta larunbatetan, 12:00etan. Ordu eta erdiko iraupena. 4 euro helduek, 1 haurrek. Urdiain-Altsasuko hariztia eta legendak. Burundako bi herriena den San Pedro ermita eta inguruko hariztian hasiko da bisita. Ondoren, Sarabe ibarra ezagutzeko aukera izanen da, Aitziber baselizari bisita egiteko aukerarekin. Sasoiko daudenak Iruritako gaztelua bisitatzeko aukera izanen dute. Bukatzeko, botakinak eskainitako sorpresa bat izanen da. Ostiraletan, 10:30ean. Bi ordu eta erdiko iraupena. Helduek 5 euro, haurrek 2. Galtzadak. Mandazainen galtzadak eta haien istorioak ezagutzeko 3 aukera daude. Lehena Etxarri Aranatz eta Iturmendi artekoa (asteazkenetan 16:00etan). Bigarrena, Iturmenditik Bernoara doan galtzadan barna egitekoa (ostegunetan 16:00etan) eta, azkena, Iturmendi eta Santa Marina artekoa (ostiraletan, 16:00etan). Bi ordu eta erdiko iraupena. Helduek 5 euro, haurrek 2. 608 007 802 Etxarri Aranazko turismo bulegoko telefonoa, informaziorako edo erreserbak egiteko.