Rural Kutxa garaile etxean

Guaixe 2009ko irailaren 15a

Euskaldun Torneorako baliagarria den lasterketa jokatu zen atzo Altsasun, Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako 80. Altsasu Txirrindula Lasterketa hain zuzen. Etxekoak jaun eta jabe izan ziren Rural Kutxako Mikel Filgueira izan baitzen lehena, Azysako Domagalskiri eta Rural Kutxako Saez de Arregiri esprintean irabazi eta gero. 70 korrikalarik hartu zuten irteera eta 30 heldu ziren helmugara, Altamira hiru aldiz eta Lizarragako katea bi aldiz igo eta gero. Talde onenaren saria Rural Kutxak jaso zuen.  Lasterketa honekin aste batean lau garaipen pilatu ditu Sakanako taldeak. Euskaldun TorneoaLasterketa bat geratzen da 23 urtez azpiko eta eliteendako baliagarria den Euskaldun Torneoa despeditzeko. Momentuz Rural Kutxako Fabricio Ferrari doa buruan, 192 punturekin, atzean Seguros Bilbaoko Ion Izagirre duela (124 puntu). 19 eta 20 urteko afizionatuendako baliagarria den Lehendakari Txapelketa Rural Kutxako Garikoitz Bravok gidatzen du, 45 punturekin. Seguros Bilbaoko Ramon Domenek 41 puntu ditu eta Naturgaseko Peio Bilbaok 40. Asteburuan txapelketa honetako azken bi lasterketak jokatuko dira eta ikusi beharko da Bravok lidergoari eusten dion hala ez.