Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Labetik atera berriak. Horrelakoak dira Xabier Artieda, Edurne Segura eta Igor Razkin. Ekainean amaitu zuten Nafarroako Antzerki Eskolako azken ikasturtea. Baina, okinak errezeta ona erabili zuen antza, izan ere, ikasketak amaitu eta lanean jarri dira hiru sakandarrak. Zortzi ikaskiderekin batera, Endeca konpainia sortu dute. 11 lagunek elkarrekin egin zuten karrera amaierako proiektua. Horretarako prestatutako obrak, El mundo al revés. Una escuela de bufones antzezlanak uste baino ibilbide luzeagoa eduki du. 7 emanaldi eskaini zituzten Nafarroako Antzerki Eskolan. Ondoren, ikasle-trukea eginda, Zaragozako antzerki eskolan antzeztu zuten. Enkargu berria jaso zuten jarraian: Antzerki Klasikoaren Oliteko Jaialdian parte hartzera gonbidatu zituzten. Uda borobiltzeko, hiru emanaldi eman dituzte pasa den asteburuan Antzerki Eskolako festan. Antzezlanaren harrera ona ikusirik, taldeari eustea erabaki dute ikaskide ohiek. Horregatik sortu dute Endeca konpainia. "Antzerki eskolako ikasketak amaituta, nork bere ibilbidea hasiko du orain" jakinarazi digu Xabier Artieda etxarriarrak, "baina taldeari eutsi eta egitasmo berriak lantzeko nahia dugu guztiek" gaineratu du.