Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean iragarriko du epaimahaiak Bandarako I. Nazioarteko Konposizio Lehiaketaren irabazlea. 8.000 euro irabaziko ditu 25 lanen artean gailentzen den obraren egileak.Bandarako musika sormena sustatzeko helburua du Haize Berriak Bandak. Agerian utzi du hori azken urteetan mustutako obrekin. Helburu hori betetze aldera, ekimen berritzaile eta ausarta aurkeztu zuten iazko udazkenean: Bandarako I. Nazioarteko Konposizio Lehiaketa. Altsasuko Udalak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak babestu zuten ekimena. Garilaren 31n amaitu zen lanak aurkezteko epea. Hilabete eta erdiren ostean, irabazlea izendatzeko garaia iritsi da. Haize Berriak Sakanako Musika Elkarteak iragarri duenez, 25 lan aurkeztu dira lehiaketara. "Oso pozik gaude datuekin. Bandaren aurreikuspenak gainditu dira" adierazi dute antolatzaileek. Nazioarteko epaimahaiaren esku egonen da erabakia. Egun osoko bilkuraren ondoren, larunbat arratsaldean iragarriko dute saridunaren izena. Irabazleak 8.000 euro eramanen ditu etxera. Haize Berriak bandaren eskutik ezagutuko dugu irabazlearen lana. Sakandarrek gabonetako kontzertuan mustuko dute obra. KontzertuakHaize Berriak Banda Big Band bilakatu zen Ziordia eta Altsasuko festetan. Ulrich Calvo, Victor Sanchez eta Leire Sanz ohorezko gonbidatuekin, kontzertu entretenigarria eskaini zuten. Zendu berri den bandako kide Juanjo Amezgarairi eskaini zioten Altsasuko kontzertua. Hurrengo proiektuari berrira dago orain Sakanako banda: urriaren 31n, Konziertazoa eskainiko dute Fernando Argenta ezagunarekin batera.