Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nahiz eta Altsasuko festak izan eta jokalariren bat baino gehiago astelehen latzarekin egon, Altsasuk primeran hasi du liga, 1-2 irabazi baitzuen Burlatan Burlades taldearen kontra. Lehendabiziko zatia oso lehiatua izan zen baina gol aukera argirik gabe, eta atsedenaldira husnako berdinketarekin heldu ziren bi taldeak. Bigarren zatian Burlatakoak izan ziren aurreratu zirenak, baina 5 minutuko tartean Altsasuk lehenik eta behin berdintzea eta bigarrenik 1-2 aurreratzea lortu zuen, Aitor eta Rooneyen golei esker, partida irabaziz. Etxarri Aranatzek Lekunberrin jokatu zuen Beti Kozkorren kontra. Lehen zatian izan zituen gol aukerak primeran aprobetxatu zituen Etxarrik, Xabaten eta Xabierren golei esker atsedenaldira bi goleko errentarekin joanez. Baina Beti Kozkorrek ongi eutsi zion egoerari eta bigarren zatian, defentsan ongi arituz eta kontraeraso bikainei esker berdintzea lortu zuen. Sailkapen orokorrean Valle de Egües da liderra, 3 punturekin. Altsasu seigarrena da, 3 punturekin eta Etxarri Aranatz bederatzigarrena, puntu batekin. Altsasuk larunbatean hamabigarrena den Doneztebe hartuko du, Dantzalekun. Etxarrik bigarrena den Bidezarraren kontra jokatuko du etxean, larunbatean, San Donato futbol zelaian.