Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Andaluziako mendiek ikuskizuna ekarri dute Espainiako Vueltara. Atzo Jaengo La Pandera gainean despeditu zen etapa gogorra, eta nahiz eta Alejandro Valverde liderrak une batzutan gaizki pasatu, sufritzen eta aguantatzen jakin zuen, eta bukaera aldera erritmoa azkartu eta lidergoari eustea lortu zuen. Atzoko etapa Lampreko Damiano Cunegok lortu zuen, erakustaldia emanez eta Saxo Bankeko Fuglsangi 2 minutu eta 23 segundo atereaz. Samuel Sanchez hirugarrena izan zen, 3:08ra eta sailkapen orokorrean hirugarren tokian kokatuz. Valverdek urrekoloreko maillotaren jabetza sendotu du (60:30:53) eta txapeldun ikusten du bere burua. Baina oraindik erlojupekoa eta mendiko bi etapa geratzen dira. 31 segundora du Rabobankeko Gesink, eta 1:10era Euskalteleko Samuel Sanchez. Ildo honetan, Hiriberriko Imanol Erbitik lan handia egin du Valverderi laguntzeko, eta Egoi Martinez etxarriarrak Samuel Sanchez babesteko. Egoi 50.a da sailkapen orokorrean, 1:08:01era. Ag2r-ko Jose Luis Arrieta uhartearra 89.a da, 1:45:19ra, eta Imanol Erbiti 114.a, 2:08:37ra. Gaurko etapa, Jaenen hasi eta Cordoban despedituko dena, lasaia aurreikusten da.