Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguneko ihesaldiak emaitza izan zuen atzo Jaenen hasi eta Cordoban despeditu zen etapan. 60. kilometroan 13 txirrindularik ihes egin zuten, eta Andaluziako mendietan barrena azken hiru egunetan hartutako pasadaren ondoren tropelak lasai hartu zuen iheslarien ekimena. Helmugarako 20 kilometro falta zirenean taldetxo horretatik Lars Boomek (Rabobank), Vicente Reyesek (Columbia), Dominik Roelsek (Milram) eta Serafin Martinezek (Xacobeo) egin zuten aurrera. Baina San Jeronimoko maldetan gora sekulako erasoa jo zuen Boomek, gainontzeko kideak zur eta lur utziz. Horrela, gainontzekoei aldea ateratzen hasi zen herbeheretarra, eta helmugara bakar-bakarrik iritsi zen (4:12:56), Xacobeoko David Herrero bigarrenari minutu bat eta 36 segundo atereaz. Sekulako erakustaldia, beraz. Tropela 25 minutura sartu zen, txirrindulari sakandarrak bertan zirela. Sailkapen nagusian ez dago aldaketarik. Valverdek jarraitzen du lider, Gesink 31 segundora eta Samuel Sanchez 1:10era dituela. Egoi Martinez 55.a da, Jose Luis Arrieta 91.a eta Imanol Erbiti 117.a. Gaur Cordoban hasi eta Puertollanon despedituko da itzulia, 170 km egin eta gero. Esprinterrendako eguna aurreikusten da.