Konpostatzaileak banatzeko bi kanpaina berri iragarri ditu mankomunitateak

Guaixe 2009ko irailaren 17a

Sakanako Mankomunitateak urtea bukatu aurretik 59 konpostagailu banatuko ditu. Halako ontzia eskuratzeko itxaron zerrenda dago eta hartan dauden pertsonak dira konpostagailuak jasoko dituztenak. Sakanako Mankomunitateak egiten duen bigarren kanpaina hori bere osotasunean Espainiako Ingurumen Ministerioak ordainduko du. Heldu den urtean ibarreko erakundeak beste 69 konpostagailu banatuko ditu sakandarren artean. Eta hiru gehiago ibarreko ikastetxeen artean. Herritarren artean banatu beharreko gehienak itxaron zerrendan dauden pertsonendako izanen dira. Inbertsio horrek mankomunitateari 10.000 euroko inbertsioa eskatuko dio. Lehen esperientziaSakanako Mankomunitateak iaz 8.000 euroko inbertsioa egin zuen eta 43 konpostatzaile banatu zituen ibarreko familien artean. Hainbat izan ziren izena eman zutenak eta zozketa bidez egin zen banaketa. Konpostagailuek ibarreko 28 herrietatik 12 herritan bukatu zuten. Lehen kanpaina honetan 174 pertsonak parte hartu dute.Asteazkenean egindako agerraldian mankomunitateko buru Migel Angel Zubiriak eta gerente Adolfo Araizek lehen esperientziaren balantzearekin "pozik" daudela esan zuten. Konpostagailua banatu eta 11 hilabetetara 35 parte-hartzaileak (%83k) konposta egina eta erabilia zuten. Hori bermatu ahal izateko kanpainan parte hartu zuten guztiek sarrerako hitzaldia, teknikari baten bi bisita eta kontsultak egiteko telefonoa izan dute. Mankomunitateko arduradunek sakandarren parte hartze "aktiboa eta dedikazioa" nabarmendu zuten. Ardura handirik ez duela eskatzen ere azpimarratu dute konpost-egileek, abantailak gaineratzearekin batera. Esaterako, edukiontzirako bidea gero eta gutxiago hartzen dutela. Konpostagailua hartu zutenetatik bakarrak utzi du kanpaina eta harri kendu eginen diote, hitzarmenean hala jasotzen zelako. Gaineratu zutenez, konpostagailua hartu duten pertsonak "birziklaiaren militante"  bihurtu dira. Irurtzundar batek bere auzokideak ere inplikatu omen ditu. Parte-hartzaileen artean banatu ziren konpostatzaileetatik 20k 420 litroko edukiera zuten eta 23k 800 litrokoa. Etxearen berdegune edo baratzaren azaleraren arabera banatu ziren. Adinari dagokionez, erabiltzaile gehienak (92k) 30 eta 65 urte bitartean dituzte. Ondoren 0 eta 18 urte bitartekoak daude. Horrek familian birziklatzearen inguruan egindako lana agerian uzten du. Konposta Janari-hondakinak eta lorategiko kimatzeak bezalako materia organikoaren deskonposizio naturalaren ondorioa da, hain zuzen ere, organismo deskonposatzaileek (bakterioak eta onddoak) eta animalia detritiboroek eragindako deskonposizioaren ondorioa. Hondakin horiek ongarri bihurtzen dira, etxeetako lorategi, baratze edo lorontzietan erabil daitezkeenak. Bide batez, bildu eta tratatu behar diren gaien bolumena murriztu egiten da.23 tona zabor43 konpostatzaileren erabilerak zabor kopuru ongarri bihurtu du.