Haize Berriak Bandaren saria Frantziara

Guaixe 2009ko irailaren 21a

Thierry Deleruyelle gaztea gailendu da Bandarako Konposizio Lehiaketan. 8.000 euroko saria irabazi du. Haize Berriak bandak abenduan mustuko du Kadesh obra. Haize Berriak Bandako bozeramaile Juan Ignacio Lopez de Sabando prentsaren aurrean azaldu zen larunbatean. Egiteko garrantzitsua zuen eskuartean: Bandarako Nazioarteko I. Konposizio Lehiaketaren sariduna iragartzera zihoan. Horretarako, ondoan zituen lehiaketako epaimahaikideak, Bert Appermont, Vicent Egea eta Luis Orduña, eta idazkari lanetan aritu zen Altsasuko alkate Unai Hugalde. Azken honek eman zuen epaiaren berri: Arras (Frantzia) hiriko Thierry Deleruyelle-ren Kadesh obra gailendu da, 25 lanen artean. 8.000 euroko saria irabazi du 26 urteko gazteak. Oinarriekin batBere mailako obra nahi zuen Haize Berriak bandak eta horrela zehaztu zuen lehiaketaren oinarrietan: "erdi mailako zailtasuna izanen du (3-4 gradukoa nazioarteko sailkapenean) eta 10 eta 15 minutu arteko iraupena". Oinarri horiek kontuan hartuta, argi eduki zuen epaimahaiak erabakia: "Thierry Deleruyelle-ren lana da lehiaketaren oinarrietara gehien egokitzen dena" adierazi zuen Vicent Egeak. Bere zailtasun eta dimentsioengatik, Haize Berriak bandaren ezaugarriendako egokia da Kadesh obra. "Nahiko obra zinematografiko eta deigarria da" azaldu zuen Egeak, "obra atsegina da bai jotzeko, baita entzuteko". Bert Appertmont-ek nabarmendu zuenez, "ez da erraza erdi-mailako bandendako kalitatezko obrak egitea. Hor dago lehiaketa honen zailtasuna". Argi utzi zuen, oinarriak bestelakoak izanda, beste obra bat gailenduko litzatekeela lehiaketan.Lan eredugarriaEpaimahaia izan da lehiaketaren sekretu handienetako bat. Nork bere aldetik aurre-sailkapena eginda, larunbat goizean bildu ziren hiru epaimahaikideak Altsasuko Iortia kultur gunean. Ordura arte ez zuten elkarren berri. "Lehiaketaren zorroztasun eta seriotasuna nabarmentzen du horrek" adierazi zuen Vicent Egeak, "guztiz eredugarria izan da prozedura". Bestalde, Haize Berriak Bandaren lana txalotu zuen Vicent Egeak. Gertutik ezagutzen du Euskal Herriko banden egoera eta, bere hitzetan, "bultzada handia eman dio bandarendako musikaren sormenari. Ez dago horrenbeste enkargu egin duen beste bandarik". Kontzertuen maila ere nabarmendu zuen: "miresgarria da musikarien sakrifizio-gaitasuna eta, askotan, profesionalek baino gehiago gozatzen dutela ikustea" adierazi zuen. "Egitasmo on ororen atzean ideia on bat dago" esan zuen, Luis Orduñaren lana azpimarratuz. Aurrera begiraAho zapore ona utzi du lehiaketak antolatzaileen artean. 25 lan aurkeztu dituzte lehen edizio honetara, Nafarroa eta Valentziatik gehienak, baina baita Kanada, Costa Rica, Frantzia eta Portugaldik ere. "Arrakasta itzala" esan zuten. Egitasmoarekin aurrera jarraitzeko nahia adierazi zuen Haize Berriak Bandako zuzendariak. Egitasmoaren kostu ekonomiko eta kudeaketa lan handiagatik, urtero antolatzea ez dela bideragarria nabarmendu zuen. "Bi edo hiru urtetik behin antolatzea aztertzen ari gara" adierazi zuen. Epaimahaiaren ebazpenarekin amaitu da lehiaketaren lehen fasea. Orain obra mustutzea geratzen da. Abenduaren 19an estreinatuko du Haize Berriak Bandak Altsasun lehiaketa irabazi duen obra, Originala goitik behera kontzertuan. Hurrengo egunean, Irurtzunen eskainiko dute emanaldia. Thierry Deleruyelle-ren Kadesh obraren grabazioak itxiko du lehiaketaren lehen edizio hau. SaridunaThierry Deleruyelle (Arras- Frantzia, 1983). Perkusioa, Armonia, Kontrapuntua, Fuga eta Forman diplomatua Parisko Goi Zikloko Musika Kontserbatorioan. Perkusio jolea da zenbait banda eta orkestretan. Irakaslea eta konpositorea. Denetariko obrak konposatu ditu, bakarlari, banda nahiz orkestrendako. Horietako batzuk sarituak izan dira.EpaimahaiaBert Appermont (Belgika). Kontrapunto, fuga eta banda eta orkestra zuzendaritza ikasketak egin ditu. Irakaslea, zuzendaria, konpositorea eta arreglista. 40 obratik gora egin ditu, abesbatza, kamera talde, banda nahiz orkestrarako. Haurrendako musikan jantzia dago. Bere obrak 20 herrialdetan interpretatu dira. Vicent Egea (Valentzia). Konposizio eta Abesbatza eta Orkestren zuzendaritzan titulatua. Zenbait sari jaso dituzte bere obrek. Hainbat orkestra eta banda zuzendu eta beste zenbaitetako kide izan da. 1986tik Pirinioetako Instrumentu taldea zuzentzen du. Gaur egun Musikeneko eta Nafarroako Goi Zikloko Kontserbatorioko irakaslea da eta azken honetako orkestra zuzentzen du. Luis Orduña (Nafarroa). Tubako Irakasle Titulua du. Zenbait banda eta orkestratan jo du. Gaur egun, Gasteizko Udal Bandan jotzen du eta tuba eta bonbardino irakaslea da. 2005etik Haize Berriak Banda zuzentzen du. GERTUTIKJuan Ignacio Lopez de Sabando, Haize Berriak Bandaren bozeramaileaNola sortu da lehiaketa?Orain dela hiru urte hasi ginen lantzen. Altsasuko konpositore Agustin Gonzalez Acilurekin eman genituen lehen pausoak. Berak bidea markatu zigun eta gertuago ditugun konpositoreekin egin ditugu azken pausoak. Zein da helburua?Bandarako konposizio lanak bultzatu eta aberastea eta konpositoreen sormena sustatzea. Banda pasodoble eta kalejirekin lotzen du jendeak. Orain, hori ere jotzen dugu, baina gauza berriak egiteko gogoak ditugu. Altsasuko festetako jazz kontzertua, adibidez, asko gustatu zitzaion jendeari. Estatuan ez dago maila honetako lehiaketarik. Apustu handia izanen zen zuendako.Hala da, bai. Eta horrelako apustua eginda, hasieratik argi genuen obra hori guk jotzeko modukoa izan behar zela. 8.000 euroko sari potoloarekin maila handiko obra eskatzea litzateke normalena, baina guk gure mailara egokitu dugu: erdi mailako banda batendako obra on bat nahi genuen eta horrela jaso genuen oinarrietan. Alde horretatik bitxia da. Noiz mustuko da saritutako lana?Abenduaren 19an, Altsasun eta 20an, Irurtzunen. Harekin batera bandak enkargatutako 3 obra entzun ahal izanen dira Vicent Egearen Variaciones Agur Jaunak,  Carlos Etxeberriaren  Olatzagutiako xuxurlak eta Montserrat Torres-en Luces de Bardenas. Zer ematen dio Haize Berriak bandak Sakanari?Alde batetik kohesioa ematen dio bailarari, bandan irurtzundarrak, etxarriarrak, iturmendiarrak, altsasuarrak, olaztiarrak eta abar gaude eta. Eta baita musika munduan aritzeko beste modu bat. Beste leku batzuetan egiten ez diren egitasmoak garatzen ari gara, eta hori ere interesgarria da bailararendako. Musika eskolako ikasleendako irteera bat da. Zer asmo duzue aurrerantzean?Gutxi barru kontzertua eskainiko dugu TVEko Conciertazo saioaren aurkezle Fernando Argentarekin. Urriaren 31n izanen da, Altsasuko Burunda pilotalekuan. Sakanako musika eskolako ikasleek gurekin jotzeko aukera izanen dute. Sarrerak salgai daude Iortia kultur gunean. Etxarrin, Irurtzunen eta Olaztin ere aurki jarriko ditugu salgai.